'Patxadan' telebista, Aste Santuan etxetik gure ingurune naturalaz gozatzeko tresna

Zarauzko Hitza 2020ko api. 8a, 17:20

Urola Kostako txoko ederrenak bisitatzeko eta bertako irudi eta soinuak patxadan etxetik gozatzeko aukera eskainiko du ezohiko opor egun hauetan Urolako Komunikazio Taldeak.

Aurten ez dugu aukerarik izango Aste Santuko opor egunetan inora joateko, konfinamenduak etxean geratzera behartuko gaituelako. Horrek ez du esan nahi, ordea, inguruko txokorik ederrenak bisitatzeko aukerarik izango ez dugunik. Bihartik aurrera, Urolako Komunikazio Taldeak tresna berri bat eskainiko du, etxetik atera gabe, naturan eta herriko kaleetan murgildu ahal izateko.

Patxadan izenarekin dator telebista proiektu hau. Izan ere, patxadan, lasai eta presarik gabe kontsumitzeko pentsatutako ikus-entzunezko piezak baitira eskainiko diren lanak. Ideia oso sinplea da: pantaila aurrean esertzea, eroso jartzea, burua hutsik uztea, zentzumenak piztea, aurkezten zaigun paisaian murgiltzea, irudietan ikusten eta entzuten dugunarekin bat egitea, sentitzea… eta erlaxatzea. Ikus-entzunezkoak kontsumitzeko modu desberdin bat suposatzen du honek, noski. Presarik gabekoa, lasaitasunez, patxadan.

Aukeratutako espazioak oso desberdinak izango dira, eta baita eskainiko zaizkigun esperientziak ere; Izarraizko txoko desberdinak, Zarauzko Torreoitik ikusitako egunsentia, Getariako portua edota eskualdeko herrietako kale hutsetatik autoz egindako paseoak izango dira ikus-entzuleek patxadan ikusi ahal izango dituztenak.

Bihartik hasita, bide desberdinak egongo dira esperientzia hauetaz gozatzeko parada. Hasteko, Erlo Telebistak bere programazioaren parte inportante bat eskainiko dio saio berri honi, eta bere webgunean ere atal desberdinak publikatzen joango da hurrengo egunetan. Bestetik, Urola Kostako Hitzako webgunean ere ikusgai egongo dira saio guztiak, eta herri bakoitzeko saioak ere tokiko hedabideetako webguneetan ere ikusi ahal izango da.

Hemen aurrerapen txiki bat: