Basarri bertsopaper lehiaketa antolatu du udalak

Irabazleak 1.500 euro eta txapela eskuratuko ditu. Bigarrenak, berriz, 1.000 euro eta oroigarri bat jasoko ditu.

Euskara eta bertsogintza sustatze aldera, Zarauzko Udaleko Kultura Sailak  XXXVI. Basarri Bertsopaper Lehiaketa antolatu du. Aurten, egoera berezian dator deialdia: itxialdi betean. Hori horrela, udalak lehiaketa aurreratzea erabaki du, uztailetik ekainera. "Helburua da herritarren sorkuntza-grina eta lanerako gogoa aprobetxatzea, eta, bide batez, etxeratze egoeran denbora nola xahutu jakin gabe dabiltzan horiei aukera bat gehiago eskaintzea”, azpimarratu du Kultura zinegotzi Irune Urbietak.

Parte hartzaileek hainbat baldintza hartu beharko dituzte kontuan lanak aurkezteko orduan. Luzerari dagokionez, lehiaketara aurkezten diren bertsopaper bakoitzak zortzi bertso izan beharko ditu gutxienez, eta parte hartzaile bakoitzak bi lan aurkeztu ahal izango ditu gehienez ere. Ohi bezala, gaia librea izango da. 

Ekainaren 14a izango da bertsopaperak aurkezteko azken eguna, eta kultura@zarautz.eus posta elektronikoan jasoko ditu udalak, izen emate orriarekin batera.  Epaimahaia udalak aukeratuko du, eta, era berean, iazko txapeldunak ere osatuko du; hau da, Ekaitz Goikoetxeak. Nola ez dakizun hori izeneko bertso sortarekin irabazi zuen beasaindarrak; Aner Peritz zarauztarrak lortu zuen bigarren saria, eta Julen Zulaika zarauztarraren sortari aipamen berezia egin zioten. 

Epaia uztail hasieran emango dute jakitera, eta sari banaketa ekitaldia, urteroko moduan, Motxian bertso eskolak antolatzen duen Bertso Astearen barruan egingo da. Irabazleak 1.500 euro eta txapela jasoko ditu bere lanagatik, eta bigarren saria 1.000 euro eta oroigarri bat izango da. Hala ere, aurkeztutako lanek beharrezko maila izan ezean, sariak eman gabe geratu daitezke.

Lehiaketari buruzko informazio gehiago edo zalantzak argitu nahi dutenek 943-00 51 20 telefono zenbakira dei dezakete, edo kultura@zarautz.eus posta elektronikora idatzi.

Hemen lehiaketaren oinarriak.

Hemen izen emate orria.

Erlazionatuak

Goikoetxearentzat izan da beste behin Basarri Bertsopaper Sariko txapela

Zarautz

Aner Peritzek irabazidu bigarren saria, eta Julen Zulaikaren sortari aipamen berezia egin zioten.