Kanpoko aisia, etxe barruan

Uxue Gutierrez Lorenzo - Berria 2020ko api. 18a, 12:00
Ilargi Agirre, Andoaingo Rock Jaialdian (DenaFlows.com)

Hizkuntza, musika, dantza... edozein delarik ere aisialdiko ekintza, konfinamenduak bi aukera besterik ez du utzi: ezeztatu ala egokitu. Zuzeneko harremana digitalizatu, eta ikasketei bideo deien bidez eustea erabaki dute zenbaitek. Horien artean, Ilargi Agirre musika irakasle zarauztarra.

Dantza akademian, musika eskolan, edo bestela, hizkuntza eskolan. Aisialdian egiten den jarduera edozein izanda ere, aldatu egin da azken asteetan. Alarma egoera aktibatu eta konfinamendua ezarri zenetik, ezinezko bihurtu da, salbuespenak salbuespen, etxetik irtetea. Ondorioz, aisialdiari dagozkion jarduerak pantaila bidez jasotzen ari dira diziplina anitzetako ikasleak. Haurren eskolaz kanpoko jarduerak, nahiz helduagoen hizkuntza ikasketak, denak eraldatu ditu berrogeialdiak.

Batik bat, Zoom, Skype, Jitsi edo Instagram bezalako aplikazioak baliatzen dituzte irakasleek eta ikasleek, hala edo nola, eskolekin aurrera jarraitzeko. Kasu batzuetan, baina, bertan behera era utzi behar izan dituzte hainbat ekintza. Aurrera egin dutenak etengabeko doikuntza prozesuan sartuta daude, edukia, ordutegia nahiz komunikazio bideak etengabe alda daitezke. Malgutasuna ezinbestekoa da konfinamenduan aisialdiko jarduerak mantentzeko.

Espazioa, formatua eta baliabideak. Dena eta, aldi berean, ezer ez da aldatu Ilargi Agirreren musika eskoletan. Loatzo musika eskolan irakasle da Agirre, eta, normalean, Gipuzkoako zortzi herritan garatzen du bere jarduna. Musika hizkuntza eta perkusioa irakasten ditu Anoetan, Iruran, Zizurkilen, Adunan, Villabona-Amasan, Alegin, Altzon eta Ibarran. Herriz herri ibiltzetik, etxetik komunikatzera pasatu da azken asteetan.

Agirreren ikasle gehientsuenak haurrak dira, eta horrek, teknologiaren erabileraz gain, gurasoen bitartekaritza lana ekarri du bere lanera. Musika hizkuntzan, orotara, 47 ikasle ditu, eta taldekako saioak egin ohi ditu. Orain, posta elektronikoa du lanerako tresna. «Astean birritan dituzte eskolak, eta saio bakoitzaren aurretik posta elektronikoz bidaltzen diet egun horretako lana». Nork bere liburuan egiten ditu ariketak; eta ondoren Agirreri igortzen dizkiote, ahal bezala. «Batzuek Whatsappez, beste batzuek emailez, guraso batzuek ere deitu izan didate zalantzaren batekin...» ikasketa prozesua ez moztea da helburua, tresna komunikatibo «ahalik eta gehien» eskuragarri jarriz.

Moldaketa lana diferentea izan da instrumentua tarteko dagoenean. Guztira, hemezortzi perkusio ikasle ditu Agirrek, eta kasu honetan bakarkako eskolak dira. Astean ordu erdi. «Bi aukera eman nizkien: Skypez zuzenean saio presentzialari eutsi, betiko orduan eta egunean; edo, bestela, nahiago bazuten, edo Skypera konektatzeko aukerarik ez bazuten, posta elektronikoz edo bideoz». Lehen aukera hautatu zuen Ibarrako Iraide Alijostesek. 9 urte dauzka, eta ikasturte honetan hasi da eskolaz kanpoko jarduera gisa bateria jotzen: «Asteazkenetan izaten dut bateria eskola Iraiderekin, Skypez, eta zailagoa da horrela kantuak ikastea». Alijostesek trikitia jotzen ikasi nahi zuen, baina bateria probatu zuenean ez zuen zalantzarik egin. «Bateriaren soinua gustatu zitzaidan, eta Olentzerok bateria elektronikoa ekarri dit». Instrumentua gelan jarrita, kantu berriak praktikatzen segitzen du Alijostesek.

Agirrek esplikatu du hori dela ikasle gehienen egoera: «Normalean musika eskolan gaudenean, irakasgaia perkusioa denez, instrumentu gehiago probatzen dituzte ikasleek, baina etxean gehienek bateria elektronikoa dute, eta horrekin gabiltza». Gutxi batzuek kajoia ere badute. Eskolan, aldiz, bateria akustikoan aritzen dira: «Bateria akustikoa esango nuke hobea dela, baina elektronikoa entzungailuak jarrita jotzen da eta ez du zaratarik ateratzen, horrela ez dituzte bizilagunak molestatzen», azaldu du Agirrek.

Erreportaje osoa irakurtzeko: Berria.eus