Euskaraldia 2020

Rita Aldabaldetreku: "Orain partida prestatuko dugu, eta gero jokatu"

Aritz Mutiozabal 2020ko api. 21a, 09:30
Rita Aldabaldetreku, Euskaraldiko koordinatzaile orokorra. (utzitakoa)

Atzo abiatu zuten Etxealditik Euskaraldira, eta udazkeneko Euskaraldirako prestatzen joateko ariketa moduko bat dela dio Euskaraldiko koordinatzaile orokorra den Rita Aldabaldetrekuk (Zarautz, 1993).

Etxealditik Euskaraldira egitasmoa jarri duzue abian. Egoera baliatu nahi izan duzue dinamikarekin jarraitzeko?
Etxealdiko egoera hau gainera etorri zaigu, eta hainbat eta hainbat eragile hasi ziren baliatzen proposamen ezberdinak egiteko; horien artean, hainbat euskara elkartek –Arrasaten, Bergaran, Gasteizen eta Arrigorriagan– euskararen erabileraren inguruan etxean martxan jartzeko proposamenak egin zituzten, eta hori ikusita, pentsatu genuen aukera ona zela Euskaralditik ere zerbait proposatzea  Euskal Herrirako. Erabili dugu etxean gauden egoera hau benetan baliatzeko etxeko hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko. Askotan ez gara konturatzen etxekoekin edo gertukoenekin zer hizkuntza ohitura ditugun; horren ezarrita ditugunez, ez gara ohartzen noiz aldatzen dugun erdarara edo euskarara. Beraz, ohitura horiei buruz pentsatzeko izango da, eta aldatu nahi baditugu praktika ezberdinak martxan jartzeko aurrerapausoak.

Bestetik, etxean gauden arren, etxetik egiten ditugun solasaldi horietan ere eragin nahiko genuke. Horiek ere normalean familiarekin edo lagunekin egiten ditugu, Skype bidez edo telefonoz. Baina baita gure egunerokoan dendariekin ere. Edonola ere, batik bat etxeko hizkuntza ohituretan zentratuko gara.

Azken hilabetean areagotu egin dira bideo deiak. Hori ere bada foku bat, ezta?
Foku nagusia etxeetan dago, baina jakitun gara zenbait kasutan mugatua izan daitekeela; nik, esaterako, euskaraz egiten dut etxean, baina beste batek ez du aukera hori, agian. Beraz, ireki nahi izan dugu horietara ere: etxetik birtualki egiten diren pintxo-poteoak edo lagun elkarketak. Aprobetxatu nahi izan dugu jendearekin etxe giroan aldatzen baldin baditugu hizkuntza ohiturak, eta pauso berri batzuk eman, gero berriro kalera ateratzen garenean, errazago izango zaigu ohitura berri hauek praktikatzea. Espero dugu hamabost egun hauetan egingo dugun ariketa honek lagunduko digula udazkenean egingo dugun Euskaraldirako, Ahobizi eta Belarriprest izango garen ariketa sozial masiborako. Esaten dugu orain prestatu egingo dugula partida, eta gero jokatu. Beraz, nahi dugu entrenamendu moduko bat izatea.

Lau fase izango ditu Etxealditik Euskaraldira egitasmoak. Nola antolatu duzue?
Guztia sare sozialen bitartez egingo dugu. Hasteko, atzo ekimenaren xehetasunak aurkezteko bideoa zabaldu genuen kanal ezberdinetatik. Bigarren fase batean, ariketa erraz bat proposatuko dugu etxeko hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko; hau da, pentsatzeko norekin ze hizkuntza erabiltzen dugun jabetzeko eskatuko diegu herritarrei. Hirugarren fasea izango da luzeena, zazpi egunetakoa, eta egunero bideo bat aterako dugu ideia batekin: egunero etxean egingarria den zerbait euskaraz proposatuko dugu, eta horrekin jendearen hizkuntza ohituran eragin nahiko genuke. Azkenik, maiatzaren 3an, egitasmoa amaitzeko, sormenarekin eta bizipena partekatzearekin zerikusia duen zerbait egin nahi dugu.

Jolas moduan antolatu duzue. Jendeak parte har dezan?
Hala da, bai. Udazkeneko Euskaraldiko ariketa sozialak 21 egun iraungo ditu, eta, orduan, norberak konpromiso bat hartuko du Ahobizi edo Belarriprest gisa aritzeko. Oraingo hau, berriz, hamabost egunetako ariketa bat izango da, hizkuntza ohituren ingurukoa. Udazkenera begira prestatze aldera, 24 orduz aritu ordez, hartuko ditugunak dira pilula txikiak edo proposamen txikiak egunerokotasunean egin ahal ditzakegunak, baina ez du suposatuko horrenbesteko konpromisoa. Ez baitugu nahi jendea kargatu! Gainera, ariketa edo praktika hauek ere aukerazkoak dira, nahi dituenak egin ditzake nahi duen orduan. Bi izango dira egun zehatzetan egiteko proposatuko ditugunak, denok batera, Euskal Herri guztian batera egiteak sekulako indarra izango duelako. Baina, orokorrean, beste arintasun bat du, eta jolastea jokatzea baino arinagoa. 

Hala ere, jendeari aktiboa izatea eskatu diezue, egitasmo hau beraiena egin dezatela.
Gainera, parte hartzaile guztiak gonbidatuko ditugu guk proposatzen diegun hori egiten baldin badute bueltan partekatzeko. Hain zuzen ere, sare sozialetan herritarren feedback-ak eta erantzunak jaso nahi ditugu. Euskaraldian bezala, herri bakoitzak bere errealitatera ekarriko du egitasmoa. Hala, herritarrak gonbidatu nahi ditugu beraien herrietako batzordeen sare sozialak jarraitzera, tokikotasun horretatik bestelako giro bat sortzeko aukera ere badagoelako.

Era berean, parte hartzaileak balkoietan bereizgarri bat jartzera animatuarazi dituzue.
Euskaraldiaren lehen edizioan ikasi genuen txapa jartzeak jendearen artean halako konplizitate bat sortu zuela. Alde horretatik, oso gauza polita izan zen. Oraingoan ere txapa jantzi dezakegu, baina etxekoek bakarrik ikusten gaituzte. Beraz, ideia horren ildotik, eta txapak sor dezakeen konplizitate hori lortzeko, balkoietan eta leihoetan Euskaraldiko logoak dituen moduko puntuak jartzera gonbidatu nahi ditugu Etxealditik Euskaraldirarekin bat egiten dutenak.