Maiatzaren Lehena, Langileen Nazioarteko Eguna

Aldarri zaharrak, inoiz baino beharrezkoago

Askok oroituko duten Langilearen Egunik bereziena izango da gaurkoa. Bada zer aldarrikatu, baina kaleko pilaketak galarazita daudenez, balkoietatik egingo du jendeak protesta. Langileak, oro har, beldur dira krisi egoerak gehien kolpatuko dituenak beraiek izango ote diren. 

Aldatzen ari dira garaiak; eta horiekin batera, baita borroka eta aldarrikapen moldeak ere. Lehen begiratuan, badirudi asko aldatu dela egungo lan munduko panorama 1886ko maiatzaren 1ean, Chicagoko (AEB) langileek greba gogorren bidez zortzi orduko lan-jardunaldia lortu zutenetik. Harrezkeroztik, ordea, gorriz markatuta egon da egutegietan Maiatzaren 1a, nahiz eta aldarrikapen egun behar lukeenak jaiegun arruntaren kutsua hartu duen. 

Dena den, urteak joan eta urteak etorri, langileriak izan du zer salatu eta zer aldarrikatu. Egungo langilea ez da, soilik, garai bateko mahoizko buzoarekin, izerditan eta zikindurik zebilen gizona. Beste arloetara bezala, iritsi da aniztasuna lan mundura ere. Zein da, baina, XXI. mendeko langilearen aurpegia? 

Historiak erakutsi du krisiek eta muturreko egoerek kalte gehien eragiten dietela piramidearen behealdean daudenei. Egoera ikusita, garbi dago ohiko manifestazio jendetsurik ez dela izango gaurkoan. Agian, aurtengo Maiatzaren 1a izan liteke, jaiegunetik harago, hausnarketa eta azterketarako unea. 


Soldatapeko zaintzaileak


"Prekarietateak emakume aurpegia du", dio aldarri feminista ezagunak. Hain zuzen, bereziki feminizatua dago azken asteetan denen ahotan izan diren adinekoen egoitzetako langileen sektorea. Eskualdeko egoitzek ere eman dute zeresana; Zestoako San Juan egoitzan, esaterako, langileek itxialdia egitea erabaki eta egoiliarrekin batera geratu ziren egoitzan.

Oso txalotua izan zen erabakia, eta itxialdia hasi zuten langile horien artean zen Ainhoa Badiola. Bizitakoaren ostean, garbi geratu zaio oraindik «asko» dagoela egiteko langileen eskubideen alde. "Bizi berri honetan, bada garaia bide berria egiten hasteko", esan du.

Azpeitiko San Martin egoitzako langilea da Olatz Isasmendi. Erresidentzian lan karga handitu zaiela eta, jende gehiago kontratatu dute lanerako. Egoera orokorrean «ondo» daramala azaldu du, baina, nahiz eta kasu positiborik ez duten atzeman beren lantokian, lanera «beldurrez» joaten dela aitortu du. "Norbaitek gutxieneko sintomarik badauka–eztul edo sukar apur bat– guztiz isolatu behar dugu eta prozesu guztia jarri behar dugu martxan, proba egiten dioten arte". Halere, denbora aurrera doan heinean, egoerara «ohitu» direla ere azaldu du. Isasmendik uste du "frogatuta" geratu dela orain adinekoak zaintzeko langile gehiago behar direla. "Zenbait egoitzatan gainezka ibili dira, eta horixe da gure borrokaren ardatz nagusia: ratioak handitzea".


Txarretik okerrera


Adineko guztiak ez daude egoitzetan, ordea. Asko beren etxeetan bizi dira, baina eguneroko zereginetarako bakarrik moldatu ezin dutenez, langile bat izan ohi dute etxean, zaintza lanetarako. Kasu askotan emakume etorkinak izan ohi dira lan horretaz arduratzen direnak. Silvia Carrizo Malen etxeako langileak azaldu du alarma egoera "mailukada bat gehiago" izan dela langile horientzat. 

Bere arabera, egoera horren aurretik ere «esplotazioa» eta "eskubideen urraketa" ziren nagusi sektore horretan baina, orain, "are okerragoa" da egoera. "Gobernuak ez ditu kontuan hartu langile horiek dirulaguntza planak prestatzerakoan", adierazi du Carrizok. "Hasteko, paperik ez dutelako gehienek eta, ondorioz, langile horiek ez daudelako altan emanda Gizarte Segurantzan". Horren sektore prekarizatua izanik, egoera "benetan konplikatua" dela uste du Carrizok. Hala, maiatzaren 1a dela eta, etxeetako langileen "erregulazio osoa» eskatzen jarraituko dutela esan du. "Etika moralaren aurka joateaz gain, onartezina eta miserablea da gizarteak bestaldera begiratzen jarraitzea, jakinik emakume horiek zaintza lanetan dabiltzala". Carrizok dio aste hauetan "agerian" geratu dela hori, eta hala eta guztiz ere pertsona horiek eskubiderik gabe jarraitzen dutela.


Zerbitzuen krisia


Hilabete eta erdi igaro ditu geldirik gizarteak. Lan produktiboan diharduten gehienek martxan jarraitu dute, baina zerbitzuen alorrak ez du ateak ixtea beste erremediorik izan. Diru sarrerarik gabe, eta aurretik zeuden gastu guztiei aurre egin beharrean, zaila da zenbakiei begira hasi eta ezer positiborik ateratzea. Nola edo ahala zerbitzua ematen jarraitzeko moduak topatu dituzte hainbatek, ordea. Azkoitiko Larramendi etxetresna elektrikoen dendan, esaterako, moldatu dira, nolabait. "Guk bagenekien jendea etxean geratuz gero elektrogailuak gehiago erabiliko zituztela eta, ondorioz, gehiago matxuratuko zirela. Beraz, jendeak laguntza beharko zuen horrekin", azaldu du Josu Larramendi dendariak. Langileekin hitz egin zuen, eta topatu zuten modua egoerari «denen artean» aurre egiteko. Eskaerak internet bidez nahiz whatsappez jasotzen dituzte, eta laguntza behar duten etxeetara joaten dira langileak.

Azpeitiko Elikagune dendako arduradun Haritz Arakistainek ere egoerara moldatu behar izan du, halabeharrez. "Elikagaien denda bat garelako, zorionez, martxan daukagu denda», esan du azpeitiarrak. Lehen egunetan «guztia berria" zenez, ez zekiten oso ondo nola jokatu dendan, baina erabaki zuten eskarien sistema martxan jartzea, jendearen kontaktua ekidite aldera. "Dendak irekita jarraitzen du, baina bezeroei komentatzen diegu ahalik eta kontaktu gutxien edukitzea komeni dela, eta eskaera bidez egin ditzaketela erosketak", azaldu du. Higiene neurri berrietara ere egokitu behar izan dute: dendara sartzeko eskularruak jarri behar dira eta barruan ezin dute egon aldi berean bost pertsona baino gehiagok. 

Beraien kasua ez bada ere, Arakistainek uste du, «beti bezala», langileek amaituko dutela guztia ordaintzen, baina horri buelta ematea gustatuko litzaioke. "Nire eskaera da krisialdiaren ondorioak ez ditzatela langileek ordaindu, eta kapitala izan dadila kalteak ordaintzearen arduradun", burutu du azpeitiarrak.


Hamaika sektore


"Argi dago langileok garela egoera honetatik irabazten atera behar dugunak". Jon Aristi Zarauzko Lizardi Institutuko irakasleak garbi dauka, aurreko hamarkadako esperientziari begiratuta, indarra egin behar dela langileen eskubideak defendatzeko. "Aurreko krisian galtzaile atera ginen langileok, gobernuak enpresariak eta bankuak lagundu zituelako". Jendea «oso egoera larrian" dagoela uste du; "asko langabezian edo askoz gutxiago kobratzen daude, eta nahiko etorkizun iluna daukagu", azaldu du zarauztarrak. Horren aurrean, hartu beharreko neurriak langileen eskubideei eusteko izan daitezela eskatu du, "ez beste batzuen interesak defendatzeko".

Kulturgileen sektorea da krisiak gogorren kolpatu duenetako bat. Zuzenekoa dute kuttun sortzaile askok eta askok; ikusle eta artistaren artean sortzen den aurrez aurreko giro hori. Gratxina Lertxundi musikari eta managerrarentzat ere horixe da beren jardunaren une bereziena. Badirudi, ordea, zuzenekoa orain arte ezagututako moldera itzuli arte denbora luzea igaroko dela. "Edukieraren zati bat bakarrik sartuko da aretoetara, zentzuzko neurria dirudi kutsadura posibleak ekiditeko, baina ez dakit modu horretan zenbakiak nola aterako diren", adierazi du oriotarrak, egoeraren inguruko kezka azalduz.

Lagin mugatua jaso arren, estuasuna, beldurra eta ezinegona nabarmenak dira langileriaren argazki orokorrean. Egungo egoerak bihar izango dituen ondorioen esperoan dira gehienak, bitartean, egunerokoari nondik heldu asmatu nahian. Balkoietatik bada ere, aurtengo Maiatzaren 1ean bada zer aldarrikatu.