Udalak etxez etxe banatuko ditu TAO bereizgarriak

Maialen Etxaniz 2020ko mai. 2a, 18:30

Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak azaldu duenez, "jendearen joan-etorriak eta jende ilarak saihesteko" hartu dute banaketa etxez etxe egiteko erabakia. Basurkok aurreratu duenez, "epeak denok espero dugun bezala igarotzen badira, herrian aparkatzeko tasak ekainean zehar jarriko dira martxan". Astelehenean hasiko da udala herritarrei TAO bereizgarriak etxez etxe banatzen.

Astelehenetik aurrera, Zarauzko Udalak etxez etxe banatuko ditu TAO egoiliar bereizgarriak herritarren artean. Iker Basurko Zarauzko Udaleko Mugikortasun zinegotziak adierazi duenez, "jendearen joan-etorriak eta jende ilarak saihesteko" hartu dute etxez etxeko banaketa sustatzeko hautua, "arreta handiz jokatu behar den une honetan".

Aurten, egoiliar bereizgarriaren ordainketa helbideratuta duten pertsonei emango diete lehentasuna, eta haiei banatuko dizkiete bereizgarriak aurrena. Bereizgarrien banaketa egin ostean kargatuko diete kobrantza eskatzaileei. 

Ordainketa helbideratuta ez duten zarauztarrei gutun bat bidaliko die udalak ordainagiria nola helarazi dezaketen azalduz.  Gutuna jasotzen duten herritarrek hiru modutara aurkeztu ahal izango dute TAO egoiliar bereizgarrien ordainagiria: otazarautz@gerteksa.eus helbidera bidalita, ordainagiriaren kopia TAOren bulegoaren kanpoko (Urdaneta kalea 5) postontzian utzita edo agiriaren argazkia whatsapp bidez 627 45 25 00 telefono zenbakira bidalita. 

Dena den, ordainketa aurrez aurrez egiteko aukera ere eskainiko du Zarauzko Udalak. Basurkok adierazi duenez, TAO bereizgarriaren ordainketa aurrez aurre egin nahi dutenek edo bereizgarri berri bat eskatu nahi dutenek TAOren bulegoan egin ahal izango dute maiatzaren 11tik aurrera.

Lanera itzuliko dira TAO langileak 

Maiatza hastearekin batera TAO agenteak lanera itzuliko direla jakinarazi du Basurkok: "Maiatzean bereizgarriak banatzeko eta udako zerbitzurako behar den guztia prestatzen joateko lanera itzuliko dira TAO agenteak". Udarako tasei begira ere jarri da Basurko, eta hark aurreratu duenez, "epeak denok espero dugun bezala igarotzen badira, herrian aparkatzeko tasak ekainean zehar jarriko dira martxan".