Alba Menendezek Iberdrola liga irabazi du Bera Bera taldearekin

Espainiako Eskubaloi Federazioak bukatutzat eman ditu 2019-2020 denboraldiko ligak, emakumezkoetan zein gizonezkoetan. Erabaki horren ondorioz, lidergoan zegoen Bera Bera Donostiako taldeak irabazi du emakumezkoen Iberdrola liga.

Koronabirusa ez hedatzeko neurrien artean kirol jarduerak eten erabaki zen martxoaren erdi aldera. Horrek eragina izan du, noski, kirol profesionalean. Kirol batzuetan, futbolean kasu, ez dute oraindik erabaki nola edo noiz amaituko dituzten txapelketak. Eskubaloiari dagokionez, ordea, Espainiako Federazioko batzordeak atzo hartu zuen erabakia, eta erabaki pozgarria izan da Gipuzkoako taldeentzat.

Alba Menendez zarauztarra kapitain duen Bera Bera taldeak emakumezkoen Liga Guerreras Iberdrola irabazi du. 2013. urtetik seigarrenez irabazi dute liga donostiarrek. Denboraldi honetako hamasei jardunaldi jokatu ondoren, eta liga amaitzeko sei partidaren faltan, liderra zen Donostiako taldea, 30 punturekin, partida bat bera galdu gabe. Bigarren zen Elxek lau puntu gutxiago zituen. Atzoko erabakiaren ondoren, federazioak bukatutzat eman du liga eta, ondorioz, Bera Bera da aurtengo txapelduna.

Amenabar eta Aiala, zilarrezkoak

Baieztapen ofizialaren faltan, ia ziurra zen bigarren mailako eskubaloi ligak ere bertan behera geratuko zirela. Atzo baieztatu zuten erabakia, beraz, Zarauzko bi talde nagusiek, Amenabarrek eta Aialak, zilarrezko mailari eutsiko diote. Aiala laugarren zihoan sailkapenean, beraz, jaitsierarako arriskurik ez zuten Zarauzko neskek. Amenabarrek, ordea, bereziki gustura jaso du albistea, izan ere, jaisteko arrisku handia zuten aurtengoan Zarauzko mutilek. Inork esperoko ez lukeen egoeraren ondorioz, beste denboraldi batez zilarrezko mailan jokatzeko aukera izango dute.