Iritzia: 'Desiraren tirania'

Mikel Elorzak ondorengo iritzi artikulua idatzi du Berria egunkariko 'Arkupean' atalean.

Esklaboek ez dutela libre izan nahi, ugazaba izan nahi dutela kantatzen du, arrazoi handi xamarrez, Jon Basagurenek. Ez daukagun hori ukan ahal izateko, izan nahi ote dugun ere ez dakigun hori izan ahal izateko. Lehen geneukan makina bat gauzarik gabe bizi litekeela ikas genezake egunotan, baina pailazo-arrainarena baino laburragoa dugu memoria, horretara propio formateatua, eta berehala izango gara atzera ugazaba izan nahian, ez libre. Edukitzeko grinaz, ez izateko pasioz.

Desiraren tiraniapean bizi gara. Mundua mugiarazi izan duena da desira, plazerari, emozioari lotua, desira mina edo eztia, erotikoa, gorputz batena, esku batena, begirada batena, kantu batena, sekretu batena... Baina bizimodu honen inplementatzaileek emozioentzako aplikazio berriak garatu eta objektuen desira etengabeko eta aseezinean jarri nahi gaituzte. Gauzak desiratu behar ditugu, eta haiek lortzearren bizi, eta lortutakoan ez gelditu, bizkor dastatu, ahalik eta azkarren agortu, gure jardunak hurrengo desiraren baitan jartzeko.

Ez dugu desiratzen, desirarazi egiten gaituzte.

Euskaltzaindiaren Hiztegian jasoa daukagu, desirarazi, eta altxa nahiko nuke horren aurka, desira arazteak debekatua behar luke; arazi partikula zenbait kasutan ezin erabili beharko litzateke, gramatikalki zuzenetan zuzenena izanda ere, gure tradizioetan tradiziozkoena izanda ere. Pentsa nola gabiltzan, lagunok, maitarazi dagoela hiztegian, «maitatzera behartzea» definizioarekin. Tradizioak seguru ondo asko jasoa. Maitatzera behartu, horixe besterik ez genuen behar!

Ez nuen konfinamendu garaiaz eta egoeraz idatzi nahi, baina zertaz jardun ere mugatu digute, mugatu digute... edo guk ugazabok hagintzen diogu geure gorputz esklaboari.

Apirila ostu digutela abestu du egunotan Iker Laurobak, egia handia hori ere, baina gaitz erdi apirila bakarrik izan balitz. Besarkada eta muxuak ebatsi dizkigute. Eta ez dugu kontsolagarri klandestinitatera bidali dituztela. Klandestinitateak ukan zezakeen xarma eta lilura, ezkutuko muxuena, farola itzalipeko laztanena, hori ere falta zaigu, guk geuk ukatzen baitizkiogu elkarri, sarritan, norbait kutsatzearen izu, edo are, isunaren eta gaitzespenaren beldur. Eta telefonoz izaten ditugu harremanak. Kobre zaporeko maitasunetara kondenatuta bizi gara. Eta sikiera kobre zaporekoak balira!! Ezta hori ere. Birtualak dira orain laztanak eta helduak. Muxu birtuala, kaka zaharra da hori pakete telematiko enkriptatu eta konprimitu baten puntaren puntan jarria!

Bizitza datu-errenkada bat bihurtu nahi digute, 0 eta 1 segida batek apaindu ditzan gure hilarriak. Karpetetan ehortzi nahi gaituzte.

Espainiako Legebiltzarrean eztabaida betean ariko dira gaur alarma-egoera luzatu edo ez, parlamentari bakanak elkarrengandik hamar aulkitara izoztasun legegilearen irudi paradigmatikoa eskainiz.

Eta gu, txit antidemokratikoki, ohointza eta morrontza horien guztien aurka errebelatuko gara: muxuak emango dizkiogu elkarri, heze eta luzeak; besarkada estuak; begirada gertuak; kontuak belarri ertzera, eta amets egiten ahaleginduko gara, ametsak publizitate-iragarki bihurtzen dituztela jakitun, gure desirak inoren amesgaizto bihurtzeko besterik ez bada. Une oso llabur batez bada ere, libre. Eta kantarien doinu eta letrabideetatik ekarri dugun artikulu honetan, gobernuaren bozeramaileak ahoa ireki dezanean haien erabaki irmoa azaltzeko, guk musikari poetaren hitzak entzungo ditugu: «Je déclare l'état de bonheur permanent. / Sans que ce soit voté dans aucun parlement».