Alba Menendez: "Gakoa izan da denok helburu bera genuela: txapeldun izatea"

Julen Etxeberria - Berria.eus 2020ko mai. 6a, 10:00
Alba Menendez etxean.
Alba Menendezek aitortu duenez, "nahi baino askoz apalago" ospatu dute liga irabazi izana. Pozik daude, denboraldiko lana saritu baitute, baina poztasun hori ez da betea. "Pistan irabazi eta ospatu nahi genuen titulua". Hona hemen gaurko Berria egunkarian argitaratu duten elkarrizketa.

Hondartzan paseo bat eman berri du Alba Menendezek (Zarautz, Gipuzkoa, 1991). «Izugarri» sumatu du horren falta. «Zarauztar batentzat gogorra da hondartza parez pare ikusi, eta bertan ezin ibiltzea. Izan dut tentazioa ezkutuan sartzeko, baina etxean egon beharra zegoen. Orain, aldiz, bai, egin dezaket, eta izugarri eskertzen dut. Bizipoza ematen dit».

Nola ospatu duzue liga irabazi izana?
Ez dugu gauza handirik egin. Hasieran, asmoa genuen taldekide guztiok Interneten elkarrekin ospatzeko, baina oso berandu iritsi zen erabakia [gaueko hamarretan], eta ezin izan genuen egin. Gaur [atzo] dugu asmoa egiteko.

Etxean, behintzat, ospatuko zenuten, ezta?
Bai, baina apal-apal. Garagardo bat hartu eta topa egin genuen etxekook [gurasoekin eta Adriana Cardoso taldekidearekin bizi da]. Egoera honetan ezin da gauza handirik egin. Izango dugu denbora behar bezala ospatzeko.

Uste orokorra da taldean: sentipen gazi-gozoa duzue.
Hala da. Pozik gaude, egindako lanak saria izan baitu, baina politagoa litzateke titulua pistan eta partida guztiak jokatuta irabazi izan bagenu. Ez da poz bete-betea.

Merezia, behintzat, bada: sekulako sasoia egin duzue.
Etenaldia izan aurretik, oso denboraldi ona egiten ari ginen, azken urteetako onenetakoa. Ez genuen partidarik galdu, eta bi ez beste guztiak irabazi genituen.

Liga gero eta parekatuagoa dela kontuan hartuta, meritu handia du neurketa bakar bat ere ez galtzeak.
Liga gero eta berdinduagoa dago, eta gero eta zailagoa da txapeldun izatea, baita neurketak irabaztea ere. Edozein taldek eman diezazuke susto bat; adibidez, azkenak aurrenekoari. Hori oso argi izanda jardun gara, eta gure lana egin dugu, ondo egin ere.

Non egon da gakoa?
Oso talde polita dugu, eta kide guztiok helburu berbera genuen: txapeldun izatea, ahal genuen erregulartasun handienari eutsita. Denok helburu berbera izanda, errazagoa da hori lortzea.

Oso ondo ari zineten koronabirusak dena hankaz gora jarri zuenean. Amorrua eman dizue?
Bai, oso bide ona generamalako, eta bat-batean eten zelako. Baina inork ez zuen espero halako zerbait pasatuko zenik.

Nola ari zara bizitzen egoera hau guztia?
Eramaten zaila izaten ari da. Taldekide guztiek dugu sentipen bera. Hasieran, gogotsu hasi ginen lanean, uste genuelako bi asteko kontua izango zela, baina, egunek eta asteek aurrera egin ahala, gero eta gogorragoa egin da, batez ere psikologikoki, lehiatzeko beharra baitugu, adrenalina askatzeko beharra, eta etxean kirola egiteak ez du premia hori inondik inora asetzen.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko: Berria.eus