Zer ibilaldi egin daitezke Zarauzko mugen barruan?

Ordutegi zorrotzen barruan bada ere, herritarrak atera daitezke dagoeneko kalera. Asko dira ordu horietan herrigunetik aldendu eta naturaz gozatu nahi dutenak, azken bi hilabeteetan ez dute-eta horretarako aukerarik izan. Horren harira, Pagoeta Mendizale Elkarteko kideek Zarautzen mugen barruan egin daitezkeen hainbat ibilbide gomendatu dituzte.

Kalera ateratzea posible den garaiotan, asko dira mendi aldera edo kostaldera ibilbideak egitera jo dutenak, baina, Zarautzen kasuan, ohikoak diren hainbat ibilbidetan beste udalerrietatik pasa beharra dago. Hori galarazita dagoenez, hemen daude ikustai Pagoeta Mendizale Elkarteak egindako hainbat proposamen, herriaren mugetatik atera gabe naturaz gozatu ahal izateko:

    • Vista Alegre auzotik barrena Torreoiko parkera joatea. Handik Santa Barbara igo eta ermita atzeko bidetik Montetxion barrena moilara jaistea. Torreoiko parkean zuhaitz mota asko ezagutzeko aukera dago.

    • Elkanora igotzea sekaderotik gora eginez. San Blasetik igo ezkero Aiako mugetan sartzen da. Hortik Txatxarro edo Indamendi ingurura joan daiteke, baina egungo arauekin, galarazita dago horra joatea. Beraz, Elkanotik buelta bide berdinetik egin behar da, edota Aierdi Muxuren azpiko basotik. Kasu horretan ere, zati batzuetan Aiako udalerria zeharkatu behar da.
       
    • Urteta auzora igoera. Abendaño auzotik abiatu eta errepidetik egin daiteke edo, bestela, Olaaerreka bidetik.
 
        • Aitze bailarari buelta (8,5 km). Ariziatik Laurgain alderako bidea hartu, Iruzta baserrian Sorazu edo Orioko gainera doan bidea hartu eta Sorazu pasa ahala, Orioko gainera jaitsi gabe, ezkerrera jo eta Asti auzora jaitsi. Tartean ere badira bideak, Rezabal txakolindegitik barrena igo edo jaisteko.
 
 
  • Talaimendira igo eta Mollarrira jaistea, bertako ikuspegi ederraz gozatzen.
 

Pagoeta Mendizale Elkartekoek ñabardura egin dute, azaltzeko ibilbide zurrunik egin gabe ere gozatu daitekeela naturak ematen duenaz: "Itxialdia dela-eta natura zoragarri dago, erakutsi digu oso esker onekoa dela, zaindu eta errespeta dezagun, mendian ibiltzean kirola egitarekin batera, arreta pixka bat jarri eta aprobetxatu dezagun naturak ematen digun altxorraz gozatzeko", azaldu dute.