Xabat Olaizola da gizonezkoen Ohorezko Zilarrezko Mailako goleatzaile nagusia

Orain arte, Zilarrezko Mailan daramazkiten 8 urteetan, inoiz ez da Amenabarrekoa izan ligako goleatzaile nagusia.

Ligak amaitutzat eman ditu Espainiako Eskubaloi Federazioak eta, sailkapenak bere horretan geratzeaz gain, banatu ditu gainontzeko sariak ere. Xabat Olaizola izan da txapelketa osoan zehar gol gehien sartu dituen jokalaria. Guztira, 132 gol sartu ditu zarauztarrak 21 partidatan; batez beste, 6 gol baino gehiago sartu ditu partidako.

Taldeak sare sozialen bidez jakitera eman duenez, Zilarrezko Mailan daramazkiten 8 urteetan ez dute halako lorpenik izan taldean. Gogorarazi dute bi aldiz geratu direla bigarren goleatzaile nagusiaren sailkapen horretan: David Agirrezabalaga 2013-2014 denboraldian eta Ander Torriko 2015-2016 denboraldian.

Ligak bertan behera uzteko erabakia albiste ederra izan da Zarauzko gizonezkoen eskubaloi taldearentzat, kinka larrian baitzeuden. Erabakiak toki erosoan utzi ditu zarauztarrak: Zilarrezko Mailan beste denboraldi bat ziurtatuta eta goleatzaile nagusiaren sailkapeneko buru etxekoa izanda. Badute zer ospatu, beraz, Amenabarrekoek.