Astelehenean zabalduko dizute garbiguneak herritarrentzat

Aiako garbigunea

Etxeko hondakin handiak biltzeko zerbitzua ere jarriko dute martxan datorren astean.

Udal Elkarteak Hondakin Bilketa Zerbitzua bere ohiko funtzionamendura itzultzeko lanei ekin die. Alarma egoera hasi zenetik, garbiguneak profesional eta udal zerbitzuentzat soilik egon dira zabalik, eta hondakin handiak jasotzeko zerbitzua etenda egon da azken asteetan. 

Konfinamendua leuntzeko lehen fasearekin bat eginez, ondorengo neurriak hartuko dira: Garbiguneak herritar guztientzantzat zabaltzea, eta hondakin handien bilketa zerbitzua martxan jartzea. Printzipioz, maiatzaren 11tik 24ra bitartean egongo dira indarrean neurri hauek. 

Horrela, eskualdeko hiru garbiguneak zabalduko dira astelehenean: Aiakoa, Zarauzkoa, eta Zumaiakoa. Segurtasun neurriak bermatzeko, partikularrek aldez aurretik hitzordua hartu beharko dute 679 72 33 99 telefonoan, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 13:30era.

Etxeko hondakin handien bilketa zerbitzua ere datorren astetik aurrera jarriko da martxan, azken asteetan etenda egon ondoren. Herritarrek etxeko hondakin handiak (altzariak, tresna elektrikoak…) zabor edukiontzien eremuetan utzi beharko dituzte, bakoitzak, bizi den herriaren araberako bilketa egunaren bezperan, 20:00etatik 22:00etara.

Hemen hondakin handiak uzteko egunak herri bakoitzean:

Aia: igandetan

Getaria: astelehenetan

Orio: asteartetan

Zarautz: asteazkenetan

Zumaia: ostegunetan