Datorren astean hasiko dituzte moila konpontzeko lanak

Harri Construcciones y Mampostería S.L. enpresari esleitu dizkiote moila konpontzeko lanak. Datorren astean hasiko dituzte, eta abuzturako amaitzea espero dute.

Zarauzko Udalak jakinarazi du datorren astean hasiko dituztela moila konpontzeko lanak. Harri Construcciones y Mampostería S.L. enpresari esleitu dizkio lan horiek, 167.330,90 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne). 

Xabier Txurruka alkateak azaldutakoaren arabera, konponketa lanek Kostako Zerbitzu Probintzialaren baimena dute, eta beraz, ez dago eragozpenik lanak maiatzaren erdialdean hasteko. Horrez gain, alkateak jakinarazi du lanak abuztua baino lehen amaitzea espero dutela. "Badakigu uda desberdina izango dela, eta gaur egun ere, ez dakigu zein baldintzatan ireki ahal izango dugun konpondutako moila. Orain zuloa lehenbailehen konpondu behar da. Ikusiko dugu gero udak zer ekarriko digun", gaineratu du Txurrukak.

Lanak konponketaren finantzazioa aurreratuko du, baina aldi berean, proiektua aseguru partzuergoaren esku utzi dutela jakinarazi du alkateak: "Denboralearen kalteen estaldura baloratu dezan partzuergoaren esku utzi dugu, udalak moila aseguratuta baitzuen". Otsailaren 12tik, denboraleak moilako babes horman zuloa ireki zuenetik, "altxor hau" berreskuratzeko lanean aritu direla ere gaineratu du Txurrukak.

Lanak martxan jarri arteko prozedura
Zarauzko Udalak konponketa lanak martxan jarri arteko prozeduraren berri ere eman nahi izan du. Lehenik eta behin, kalteak neurtzeko azterketa topografiko bat eskatu zuten. Behin informazio hori eskuartean izanda, Esteyco ingenieritza eta aholkularitza enpresari esleitu zioten proiektuaren idazketa, eta COVID-19aren eraginez alarma egoera ezarri zenerako jaso zuen udalak proiektua. Egoerak obrak kontratatzeko prozedura "nahi baino gehiago" atzeratu arren, azkenik, Harri Construcciones y Mampostería S.L. enpresari esleitu diote lana, bi hilabete inguruko exekuzio epearekin.

Enpresa "eskarmentu handikoa" dela nabarmendu du udalak. Orain arte egindako lanak ere aipatu ditu Txurrukak, Donostiako Kontxako barandilla, Irungo Ikustalaia Jauregia edota Donostiako San Sebastian Martin Parrokiako fatxada, besteak beste. Era berean, Txurrukak gogoratu du enpresa horrek konpondu zituela 2014an denboraleak Zarauzko moilan eragindako kalteak.