Astelehenetik entrenatzeko aukera izan duzue kirolari profesionalok. Nolakoa izan da lehen eguna?
Asteburuan jada ariketa fisikoa egiteko aukera eman ziguten herritarrei, eta eguraldi ona lagun genuela, entrenatzen hasi aurretik oinez egitera irten nintzen, normalitate minimo batera itzultzeko. Astelehenetik aurrera kirolari profesionalok kalean entrenatzeko aukera dugu, eta astelehenean bertan irten nintzen errepidera bizikletarekin nire lehen entrenamendu saioa egitera. Guretzako horren ohikoa den entrenatu eta atseden hartu bukle hori, bada pixka bat eguneroko sentsazio hori sentitu nuen.
Errepidera berriz itzultzerakoan zer sentitu duzu?
Etxean horrenbeste denbora arrabola gainean entrenatzen pasatu ondoren, berezia izan da errepidera itzultzea. Lehenengo egunean gurpiletara begiratzen nuen, ea ongi lotuta zeuden begiratzeko. Bizikleta gaineko oreka sentipen hori nolabait galdu egiten duzu horrenbeste denbora eta gero. Egunero bizikletarekin gora eta behera zabiltzanean gorputza eta bizikletak bat egiten dute; bizikletak ez zaitu eramaten. Astelehenean ikusten nuen ez gindoazela elkar koordinatuta, nahiz eta arrabola egunero aritu.
Eta zer irteera egin zenuen lehen egunean?
Lehen egunean lasai hartu nuen: Azpeitira joan-etorria, ibilbide labur bat. Atera nintzen eguerdi partean, oso giro sargoriarekin, eta pixkanaka-pixkanaka joango naiz. Hobe da da horrela, modu progresibo batean joatea, eta lasaitasunez hartu egoera.
Edozein ordutan entrenatu dezakezue. Zeintzuk dira zuen mugak?
Entrenatzeko orduan ez dugu udalerri mugarik, soilik probintziakoa, eta txirrindularion arteko tartea 10 metrokoa izan behar duela. Baina Gipuzkoan ez daudenez txirrindulari profesional askorik ere, zaila da multzoka elkartzea. Gehienez ere bat edo bi ikusiko duzu errepidean.
Behintzat, entrenamenduak behar bezala egiteko aukera izango duzue, eta hori garrantzitsua izango da zuentzat, ezta?
Garrantzitsuena populazio osoaren osasuna da une honetan, eta txirrindulariok ez gara besteak baino inportanteagoak. Baina tabernari batek bere lanpostua defendatzen duen bezala, txirrindulari batek bere lanpostua defendatuko du, nahiz eta momentu honetan ez duen edukiko lasterketarik. Kirolari gazte bat progresio fase batean dago, bere mugara oraindik iritsi ez dena, eta, orduan, bere jarraikortasuna etetea ere bere lanbidearentzat arazo bat da. Agian, gizartearentzat mediku batek edo irakasle batek izan dezaken garrantzi maila ez du izango txirrindulari batek, baina gure lanbidea da eta guri arduratzen digu.
Progresioari dagokionez, bigarren urtea duzu profesional mailan, eta aurten egin duzu debuta UCI Pro Team-ean. Gaitzak aurrerapausoa etetea ekarri du nolabait, orduan?
Oso urte berezia espero genuen aurtengoa, Euskaltel sartu da taldean eta mailaz igo gara. Zentzu horretan, egutegia beharrean, bizi dugun egoerak egingo du berezi urte hau. Egoera honi zuku ahalik eta gehien ateratzen saiatuko gara. Nahiz eta 40 egunez etxean egon entrenatu gabe, gure gorputza ezagutu dugu: zerk eragiten gaituen eta zerk ez. Autokritikarako eta pentsatzeko denbora izan dugu; mundua gelditu egin da, eta honek gogoetara bultzatu gaitu guztioi. Norbera ezagutzeko tartea izan dugula uste dut.
Inoiz jarri duzu zalantzarik aukera hau galtzen ari zitzaizula koronabirusaren erruagatik?
Egia esan, lasai nago. Iaz sinatu nuen kontratuak datorren urtea ere ziurtatzen du, eta horrek segurtasuna ematen du. Hala ere, ez dut gehiegi pentsatzen horretan. Nire helburua lasterketak irabaztea da beti, beraz, helburu hori lortzeko egin behar dudan lanean, eta ditudan ahulgunetan enfokatzen naiz. Lanean jarraitzen dut, eta aukera galtzea ez da bereziki kezkatzen nauen gaia.
Euskal Itzulia eta Donostiako Klasikoa bertan behera utzi dituzte, eta proba gehienak abuztu bukaeratik aurrera jokatuko dira. Nola ikusten duzu lasterketen egoera?
Hankaz gora dago egutegia, eta hainbat talde egoera oso larrian daude, babesle askoren egoera ekonomikoa kaltetu delako, eta beraz, taldeak babesteari utz diezaiokete. Egoera honek zalantzan jarri du txirrindularitzak erabiltzen duen ereduaren errentagarritasuna, egoera honetan talde askok izango dituztelako egoerari aurre egiteko zailtasunak. Beste modu batzuk bilatu beharko dira agian sostengua lortzeko.
Frantziako Tourrean jokatzeko aukera al zenuten aurten?
Tourrera joateko gonbidapena jasotzea ezinezkoa zen aurten. Txirrindulari ia guztientzat esango nuke, etxekoaz gain, Tourra dela lasterketa handiena. Tourrean parte hartzea ametsa da txirrindulari gehienontzat. Zirrara berezia duen lasterketa bat da, eta eskuak altxatzeko aukera izanez gero, are gehiago.
Nola entrenatu duzue orain arte eta hemendik aurrera nola egituratuko duzue prestaketa?
Bi fase izan ditu berrogeialdiak. Hasieran, epe motzeko egoera izango zela pentsatzen genuen gehienok. Beraz, hasierako planteamendua lehen bi aste horietan forma fisikoa ahalik eta gorenen mantentzea zen, normaltasunera itzultzeko ondoren. Egunak aurrera joan ahala, lasterketak kolokan jartzen hasi ziren. Beraz, lasterketak atzeratzen zihoazela ikustean, entrenamenduen intentsitatea jaistea erabaki genuen. Egoera fisikoaz gain, egoera mentala ere oso garrantzitsua da –are gehiago konfinamenduan–, eta errendimendu maila altua mantentzea etxean entrenatuz oso gogorra da. Bigarren fase horretan entrenamenduak lasaitzea oso erabaki ona izan zela iruditzen zait.
Orain, berriro itzuliko gara entrenamenduetara, planning oso batekin, abuzturako egoera fisiko ona izateko. Oraingoz abuztua bukaeran hasiko da Frantziako Tourra, eta buelta horretan lasterketaren bat izango da ziurrenik. Txirrindulari gazteak gara, eta markak gainditzeko ditugu oraindik.