"2004an bota zuen kazkabarrarekin uztaren %30a galdu genuen"

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 11a, 18:59
Larunbatean botatako kazkabarra Talai Berrin (Itziar Eizagirre)

Larunbatean kazkabarra gogotik bota zuen eskualdeko hainbat herritan. Normalean, arazo izaten da baratzeentzat eta loretan dauden zuhaitzentzat. Oraingo honek ez du kalte handirik eragin Talai Berri txakolindegiko mahastietan, baina ondo gogoan dute duela ia bi hamarkadako kazkabarra.

Larunbatean kazkabarra gogotik bota zuen zenbait herritan. Zuen mahastietan eraginik eduki zuen?
Oso minutu gutxiko kazkabarra izan zen, eta hosto batzuk zulatu bazituen ere, eragina minimoa izan da. Kazkabarrak gehiago iraun izan balu, ordea, ondorio larriak ekarriko zituzkeen; azken finean, harri modukoak dira, eta mahatsak puskatzen ditu. Egoera horretan, aurtengo uzta galduko genukeen. 

Galduak zarete uzta zati ederra ere, ezta?
2004 urtean, Euskal Jai egunean, harrien tamainako kazkabarrak jo zuen Talai Berrin,. Zarauzko plazan, berriz, ez zuen euririk egin; horrela jotzen du kazkabarrak. Egun hartan oso gogor bota zuen, eta iraila zenez, mahatsa helduta zegoen eta ukitu hutsarekin erori ziren aleak. Aldi berean, iraila zelako salbatu genuen urte hartako uzta, handik lau egunera hasi ginelako mahatsa biltzen, baina, hala ere, uztaren %30a galdu genuen. Halako kazkabar bat orain izango bagenu, uzta osoa galduko genuke, mahatsaren alea oso txikia dagoelako oraindik, eta landarea puskatuko lukeelako.

Baratzerik baduzue?
Bai. Letxuga, tomatea, piperra… Hainbat barazki ditugu sartuta, baina oraingo kazkabarrak ez ditu kaltetu.

Berdin sufritzen dute landare guztiek kazkabarrarekin?
Bai. Baratzeko barazkiei zein mahastiei, landare guztiei berdin jotzen die kazkabarrak.

Kazkabar garaia da orain?
Bai, maiatza eta iraila izaten dira kazkabar garaia: Santa Marina jaien eta Euskal jaien bueltan, alegia. Horregatik, zarerura begira gaude kanpoko landareekin lana egiten dugun guztiok.