Gaurtik aurrera ostalaritza negozioek terrazak irekitzeko aukera dute. Oraindik, ordea, gutxi dira animatu direnak. Askok irekiera atzeratzea erabakiko dute, arinaldiaren 1. fasean bete beharreko baldintzak aukera gutxi uzten dietelako. Zarauzko Udaleko Herrilan, Azpiegitura eta Zerbitzu departamenduak, bere aldetik, kasuz kasu aztertu ditu terraza jartzeko emanda dauden 110 lizentziak, maiatzaren 3an onartutako ministerio aginduak kasu bakoitzean nola eragiten dien ikusteko.
"Gure asmoa ostalaritzari ahal den neurrian laguntzen saiatzea da, baina Gobernuaren jarraibideak errespetatu behar ditugu, eta kontuan hartu behar dugu herritarrek segurtasunez eta leku nahikoarekin mugitzeko duten eskubidea. Herrilaneko talde teknikoa lan bikaina egiten ari da eta dagoeneko ostalari bakoitzari bere kasuaren berri eman diezaiokegu", adierazi du Iker Basurko Garapen Ekonomikoko zinegotziak.
Terrazen espazioari buruz
Sektorearentzat laguntza batzuk lantzen ari dela aurreratu udalak; besteak beste, apiriletik urrira bitarteko sasoiari dagokion terraza-kuotaren konpentsazioa. Herri askotan ostalarien eskaria terrazen espazioa handitzea izan dela adierazi dute, eta Zarautzen ere Zurekin elkarteak halaxe eskatu du. Udalak dio "ulergarria" izan daitekeela, baina Zarautz bezalako herrietan "praktikan jartzea zaila" izan daitekeela.
"Herri edo hiri bakoitzak horrelako erabakiak hartzeko erraztasunak edo zailtasunak ditu. Udan, Zarautzen, gure populazioa ia bikoiztu egiten da. Honi, oporretan kanpora egingo diren bidaien murrizketa gehitu behar diogu eta Zarautzera egun batzuk igarotzea datozen gertuko bizilagun kopurua handitu egingo dela argi dago. Honek guztiak kudeatzeko zaila izango den egoera sortuko digu, bide publikoan pertsonen arteko segurtasun-distantziak mantendu ahal izateko eta ostalaritzan behar bezalako arreta emateko, besteak beste", azaldu du Basurkok.
Hori horrela, kasu gehienetan terrazaren azalera handitzea ez dela bideragarria izango dio, ezta egungo azalera mantentzea ere. "Erronka handia dugu uda honetan, baina denon artean aurre egingo diogu eta pixkanaka normaltasunera bueltatzea espero dut”.
Kaltetuek udalarekin harremanetan jarri ahal izango dute argibideak eskatzeko; horretarako herrilanak@zarautz.eus posta elektronikora idatzi dezakete edo 943-00 51 00 telefonora idatzi. Era berean, lizentzia-eskaera berriak aztertuko dituzte, baldin eta Aginduan eta Udal Ordenantzan jasotakoa betetzen bada.