Liztor beltzen habiak desaktibatu dituzte Zarautzen

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 12a, 16:24

Aldundiak abian jarri du liztor beltzen habiak desaktibatzeko kanpaina, erlezaintzan, nekazaritzan eta ingurumenean sortzen dituzten kalteak direla eta. Herritarrei eskatu diete habiaren bat ikusiz gero udalera deitzeko, protokoloa aktibatu dadin.

Liztor beltzaren erreginek hibernatzen pasa dute negua eta udaberriarekin batera, neguko ezkutalekutik atera eta habia berriak egiteari ekin diote. Hori dela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri du habiak desaktibatzeko kanpain, liztor beltzek erlezaintzan, nekazaritzan eta ingurumenean sortzen dituzten kalteak murrizteko helburuarekin. Ekiteko lantaldea osatzen dute suhiltzaileek, basozainek, Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko kideek eta Landa Garapen elkarteko, udaletako eta aldundiko langileek. 2020ko kanpaina apirilaren 22an jarri zen martxan, eta jakinarazi dutenez, Zarauzko habiak desaktibatu dituzte. Hala ere, herritarrei kolaborazioa eskatu diete: liztor beltzen habia bat ikusiz gero udalera deitzeko eskatu dute, protokoloa martxan jar dadin.

Liztor beltzak buru beltza eta aurpegi laranja ditu; bertako liztorrengandik bereizten duena hankak dira, gorputzaren aldeko zatia beltza eta puntak horiak baititu. Lehen habiak toki babestuetan kokatu ohi dira: teilatu-hegal azpietan, ganbaretako sabaietan, balkoietako sabaian eta pertsianen kaxetan, esaterako. Uztaila amaiera bitarte ikusten dira eta forma esferikoa dute, ia borobila. Aldundiak azaldu du "oso garrantzitsua" dela lehen habia horiek detektatzea eta desaktibatzea, liztorrak ugaritzea eta zabaltzea ekiditeko. "Lehen habia suntsitu ezean handiagoak egiten dituzte, eta uda edo udazken parterako habia bakoitzean 3.000 liztor inguru izatera iritsi daitezke. Gainera, lehen habiak kentzea errazagoa izaten da langileentzat, txikiak baitira, eta baliabide gutxiago behar da: spraydun biozidarekin eta salabardoaren laguntzaz nahikoa izaten da askotan".

Aipagarria da, lehen habiak ilunabarrean suntsitu behar direla, egunez liztorrak janari bila ibiltzen baitira. Erregina kanpoan dagoela kenduz gero, horrek beste habia bat eraikiko du eta esfortzu guztiak alferrikakoak izango lirateke. “Eragile guztien elkarlanari esker azken urteetako joera beheranzkoa izan da; iaz esaterako, 845 habia indargabetu ziren Gipuzkoan", azaldu du Arantxa Ariztimuño Mendia eta Natura Ingurumeneko zuzendariak.

Liztor beltzak ondutako frutak hozkatzen ditu, erleak eta bestelako xomorro ugari erasotzen ditu, bertakoa den liztorrarekin lehiatzen du eta polinizatzaileak diren espezieen jokabidea eraldatzen du. Horrenbestez, ondorioak oso nabarmenak dira erlezaintzan eta nekazaritzan, kalteak sortzeaz gain, ingurumenean eragiten baitute.