Axi Muniain: "Magikoa izan zen; orain, bai, nire etxean nago"

Mikel OrbaƱanos Iribar-Berria 2020ko mai. 14a, 10:37

Kirolaren munduari bidea geratzen zaio oraindik normaltasunera itzultzeko. Baina kirolari profesional gehienak maiatzaren 2tik etxetik kanpo entrenatzen ari dira. Bizipoz apur bat eman die, eta ez zaie askori luzaroan ahaztuko itzulerako lehen entrenamendua. Urarekin lotura estua duten kirolariak ere egoera horren lekuko izan dira eta, besteak beste, Axi Muniain surflariarekin izan da Berria egunkariko Mikel Orbañanos kazetaria.

Bitxia bada ere, Oria ibaian hartu zuen lehen bainua surf taularekin Axi Muniainek (Zarautz, Gipuzkoa, 1982), Usurbilgo Aginaga auzoan bizi baita. «Ur azpira sartu nintzenean ikaragarrizko sentsazioa izan nuen; magikoa. Orain, bai, nire etxean nago». Hitz horiekin deskribatu zuen une hura. Isiltasuna zen nagusi. "Ibaian gora, ahateekin bakarrik egin nuen topo. Ez nuen gehiago eskatzen, gizakiok nahiko putreak baikara". Aitortu du hurrengo egunak saihetsetako minez igaro zituela. "Kailua egitea tokatzen zait berriz ere".

Surflariarentzat, ordea, ibaian edo itsasoan aritzea alde handia dago. "Olatuaren bitsik ez zegoen, eta igarri nuen". Alabaina, Aginagatik Zarautzera surf egitera joateko uste baino zailtasun gehiago izan ditu. "Uste nuen inongo arazorik gabe egin ahal izango nintzela, baina ez da horren erraza izan. Ohartu nintzen Espainiako Kirol Kontseiluak jarritako dekretuaren arabera ez naizela sartzen eliteko kirolarien artean. Inozo aurpegia geratu zitzaidan. Ni surfetik bizi naiz, eta horrek bilakatzen du kirola gure ogibide".

Gorabeherak gorabehera, Estatuaren Intereseko Kirolarientzako dekretura atxiki da, eliteko kirolaria dela baieztatzeko. Erakundeekin kritiko azaldu da. "Batetik, Surf Federaziotik kanpo bestelako lorpenak erdiesten ditugunean, ez gaituzte behar beste begiesten. Eta, bestetik, kirol profesionala bermatzen duen dokumentu bat prestatzeko ez dira bustitzen, baina gero txapelarekin argazkirako prest egoten dira".

Udan surf eskola zabaltzerik izango ote duen, horren kezka du Muniainek. "Ekainerako irekitzea espero dugu, baina ez gaude ziur. Nire bizitzan eskolak ekarpen ekonomiko handia egiten dit. Negu luze batetik nator, eta itotzen ari gara". Txapelketei dagokienez, berriz, hasieran ez du lehiatzeko asmorik. "Ilusio handirik ez dit egiten. Lehiaketetako arduradunak enpresa pribatuak dira, eta horren atzean interes asko daude. Dena den, etortzen dena ongi etorria izango da".

Irakurri erreportajea osorik, hemen klikatuta.