Udalak 4,3 milioi euro bideratuko ditu tren geltoki eta pasabide berria egiteko

Obrak 13 milioi euroko aurrekontua izango du, eta udalak zenbateko horren %33,3a hartuko du bere gain. Arratsaldean onartu dute ezohiko udalbatzarrean. Horrekin batera, Salberdingo R-3 partzela salduko dute inbertsioa finantzatzeko; bertan 50 etxebizitza tasatu eraikiko dituzte.

Tren geltoki berriaren eta trenbide azpiko pasabidearen eraikuntza bermatzeko Eusko Trenbide Sarearen eta Zarauzko Udalaren arteko lankidetza hitzarmena onartu dute gaur arratsaldean, telematikoki egin duten ezohiko udalbatzarrean. Udal Gobernuaren –EAJ eta PSE-EE– aldeko botoarekin egin du aurrera proposamenak; EH Bilduk eta Podemos EQUO-Berdeak udal taldeak abstenitu egin dira.

2018an egin zuten lehen hitzarmena ETSk eta udalak, proiektuaren idazketarena izan zena. Behin proiektua eskuetan, gaur obra aurrera ateratzeko pausoa eman dute. Guztira, 13.053.303,76 euroko aurrekontua izango du (BEZ barne), eta Zarauzko Udalak zenbateko horren %33,3a hartuko du bere gain, hau da, 4.346.750,13 euro (BEZ barne); gainerako guztiaz ETS arduratuko da. Udalak lau urtetako aurrekontuetan banatuta ordainduko du: 2020an, 434.675,13 euro; eta 2021, 2022 eta 2023an 1.304.025na euro.

Inbertsio potentea dela azpimarratu zuen Xabier Txurruka alkateak, eta "ezohiko finantziazio" batekin aurre egin diola udalak adierazi zuen, "aurrekontuak baldintzatu gabe" eta "udala zorpetu gabe".

2018ko Salberdingo birpartzelazioaren haritik, udalak hainbat lursail bereganatu zituen. Orain horietako bat –R-3 partzela, hain justu ere– salmentan jarriko dute (gaur bertan onartu dute bilkuran EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin; oposizioa abstenitu egin da),  babestutako etxebizitzak eraikitzeko: 50 etxebizitza tasatu eraikiko ditu, eta aurten bertan besterentzeko asmoa du. Horiek Zarautzen erroldatuta dauden zarauztarrentzat izango direla nabarmendu du alkateak udalbatzarrean. Hain zuzen ere, partzelaren salmentarekin finantzatzeko asmoa du Udal Gobernuak trenbide eta pasabide berriko inbertsioa.