Argazki bat eta argazki on bat ez dira gauza bera. Argazki bat edonork egin lezake; argazki on bat, aldiz, ez. “Gaur egungo gazteek argazkiak ateratzeko joera handia dute; argazki pila bat ateratzen eta partekatzen dituzte egunero, sare sozialen bidez batez ere”, azaldu du Mattin Solisek, Asmoz fundazioko kideak. “Baina, oro har, argazkilaritzarako grinarik ez dute; ez dakite zer prozesu dagoen argazki baten atzean”. Argazkilaritza artea baita, ezagutza, denbora eta aritzea eskatzen duen diziplina bat.
Horiek horrela, gazteen artean argazkilaritzaren inguruko interesa pizteko xedearekin, Photographo proiektua jarri dute abian Asmoz fundazioak eta Zarauzko Photomuseum argazki eta zinema museoak. Solisen ardura izan da proiektua gauzatzea; alegia, www.photographo.asmoz.org webgunea sortzea eta edukiz janztea. “Berez, gazteei zuzendutako proiektu bat da, eta helburua da gazteak museoen mundura eta, batez ere, argazkilaritzaren mundura erakartzea. Argazki bat egiteko prozesua zein den erakutsi nahi diegu; argazki bat egin aurretik eta ondoren dauden gauza horiek guztiak azaldu nahi dizkiegu, daukaten balioa eman diezaieten”.
Izatez, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. eta 3. mailako ikasleentzat sortu zuten proiektua. “Unitate digital bat da, eta, hasieran, eskoletarako sortu genuen, ikasgelan bertan lantzeko, modu presentzialean”, azaldu du Solisek. Zarauzko Photomuseum museoan bertatik bertara ikusiko luketen hori guztia jardueren bidez lantzeko aukera ematen die Photographok. “Alde batetik, museora joan aurretik jakitea komeni den gauzak topatuko dituzte webgunean: argazkilaritza nondik datorren, zer ibilbide izan duen, eta abar. Bestetik, museoan bertan ikusgai eta ikasgai dauden edukiak azaltzen dira. Eta, azkenik, proiektu bat egitea proposatzen zaie: aurretik ikasitako guztia kontuan izanda, argazki artistiko bat sortzea”. Museoan ikusgai dauden irudietatik, argazkietatik eta errepresentazioetatik abiatuta gauzatu behar dute proiektu hori, argazki berri hori. Adibide bat jarri du Solisek: “Museoan hainbat eratako argazki kamerak daude, eta dagerrotipoa da horietako bat, lehen argazki kameretako bat. Guk ematen diogun irudia hartu eta hura oinarri hartuta irudi edo argazki berri bat sortu beharko du dagerrotipoa erabiltzea egokitzen zaion ikasleak, baina dagerrotipoaren ezaugarriak kontuan hartuta”.