Putzuzulotik sukaldera, hamalau urtez

Iazko urteurreneko talde-argazkia. (Amaia Urbieta Arruti)

2006an hasi zuen Arraio Irratiak ibilbidea. Aurtengo urteurrena berezia izango da, baina herritarrak beraiekin batera ospatzera gonbidatu dituzte irratiko kideek, etxeetan irratia FMko 99.3 frekuentzian jarrita. ZU gure SU, PutzuZUlotik SUkaldera leloa aukeratu dute aurtengo ospakizunerako.

Maiatzaren 20an, datorren asteazkenean, hamalau urte beteko dira Arraio Irratia martxan jarri zutenetik. Putzuzuloko Gela Arroxatik hamaika saio egin dituzte harrezkero, baina hamalaugarren urtemugak etxeetan konfinatuta harrapatu ditu Arraio Irratiko kideak. Saioa gaztetxetik ezin eginagatik, ez dira ospakizunik gabe geratuko. Datorren asteazkenerako saio berezi bat prestatu dute, 19:00etatik aurrera zuzenean entzungai izango dena FMko 99.3an. Horrez gain, astebururako "sorpresaren bat" prestatzen ari direla ere aurreratu dute. Hemen dago ikusgai urteurrenaren harira prestatu duten bideoa eta, jarraian, helarazi duten testua:

"Gure uhinak libre dira, geure ahotsak uhinetan doaz libre, baina behar dute non aterpetu, non
lurreratu. PutzuZUlo izan da gure lekua, gure oinarria, handik airera jauzi egin eta geure uhinak
hegan zabaltzeko. Desalojatu eta konfinatu ezin diren uhin horien bidez, zuen SUkalderaino
iritsi gara 14 urtez. Eta hantxe jarraitu nahi dugu, sutondoan nola, irratiaren bueltan lagunak,
familiak, maitaleak eta kideak elkartuz. ZU baitzara gure SUa, irratia gure sutondoa. Ahotsa
emango diegu isilaraziei, esan ezin den hori esaten jarraituko dugu, beste inon entzungo ez
duzuna eskaintzen, sukaldeko su txikiaren gainean egosiko dugulako iraultzarik handiena.


Konfinamenduak etxean harrapatuta iritsi gara hamalaugarren urteurrenera. Egoera zail
honetan, orain arteko itxialdiari aurre egin eta gai izan gara zuen belarriak goxatzen jarraitzeko;
FMko 99.3 frekuentzia askean nahiz arraio.eus webgunetik ere emititzen jarraitu dugu. Etxetik
aritu behar izan dugu oraingoan, hain maite dugun gela arrosa utzita, baina jarraitu dugu zuen
sukaldeetara iristen. Eta hori da gure bermea. Gure maitasuna, borondatea eta jarduna ezin
direlako ez konfinatu, ez desalojatu, ez isolatu.


Gu ez gara edonor, izan ere. Bagara nor. Hamalaugarren urteurren honetan, bederatzi saio
sortzen ditugu Zarautzen bertan, Ikastola eta Orokietako ikasle zein irakasleekin elkarlanean.
Arrosa irrati sarean batuta, gainera, Euskal Herri osoko saioak partekatzen ditugu, gure
territorio libreak euskaraz eta uhinekin marraztuz.


Hori guztia asanbladan oinarritutako borondatezko lanari esker egiten dugu, beste inoren
interesen menpeko izan gabe, publizitaterik gabe, autogestioa oinarri hartuz, egin ezazu zuk
zeuk filosofiari jarraituz: bakarrik ezin da, lagunekin bai! Herriaren ahotsa eta elkarlana dira gure
lanabes eta galbahe bakarrak. Zu zeu, alegia.


Gure ahotsik ez litzateke inon entzungo zuk ez bazenu irratirik piztuko. Zeu ere bazara irratigile,
entzuten gaituzun bakoitzean egiten duzulako Arraio zeuk ere. Hutsean ez baitute oihartzunik
egiten uhinek, behar dutelako oinarri bat herrian, aterpe bat belarrietan, sutondo bat bizimodu
gero eta hotzago honetan.


Aipatutako guztiagatik, eta irrati libreen suak piztuta jarrai dezan, ezin dugu Arraioren 14.
urteurrena ospatu gabe utzi. Egitarau ederra genuen antolaturik, baina “larrialdi” egoerak erabat
baldintzatu gaitu gu ere, eta moldatu egin behar izan dugu. Horregatik, deialdi berezia egin
nahiko genuke: datorren maiatzaren 20an, asteazkena, arratsaldeko 19:00etatik aurrera,
Arraio Irratia sintonizatzeko; irratsaio berezia egingo baitugu. Deia luzatu nahi diegu
zarauzko Auzo elkarte guztiei, baita urte luze hauetan ahotsa eman diegun herriko hainbat
eragileri ere; eta nola ez, 14 urte hauetan Arraiokide izan diren lagun guztiei ere bai. Guztiok
parte hartzeko moduko irratsaioa izango da maiatzaren 20koa eta, konfinamendu-garai
hauetan, balkoietan musika jartzen airtu zareten herritarroi eskatu nahi dizuegu, datorren maiatzaren 20an, zuen bafleetatik, Arraio Irratiaren 14. urteurreneko irratsaio berezia jar
dezazuen, herri osoan entzun dadin gure frekuentzia askea.


Besterik gabe, eskerrak emanez agurtzen gara oraingoan. Eskerrak, urte hauetan guztietan
gure sutondoan egon zaretenoi, gure uhin askeen berotasunera hurbildu zaretenoi, zuek zarete
gure su. Beste 14 urtez elkar berotzen jarrai dezagun! Gora Arraio, redio!"