"Zarauzko Udalak baditu baliabideak COVID-19 pandemiaren ondorioei aurre egiteko"

2019 ekitaldiko likidazioaren ondoren, ia 8 milioi euroko soberakina du Zarauzko Udalak.

Herritarren eta instituzioen ekonomian ondorioak ari da eragiten COVID-19a. Besteak beste, familiak, autonomoak, ostalariak, merkatariak eta enpresa gehienak aterako dira kaltetuak pandemiatik.

Horren harira, Jesus Aranak, Zarauzko Udaleko Ogasun zinegotziak, 2019 urteko aurrekontu orokorraren likidazioaren berri eman zuen atzoko ezohiko udalbatzarrean: “Mezu bat zabaldu nahi dugu: Zarauzko Udalak duen egoera ekonomikoari eta baliabide ekonomikoei esker, COVID-19ak sortutako krisiari aurre egiteko egoera onean gaude”.

2019 urtea 1.436.331,08 euroko superabitarekin amaitu zuen Zarauzko Udalak eta, Aranak jakinarazi duenez, “udal kontu-hartzaileak bere txostenean adierazi duenaren arabera, 2019 urterako helburuak eta gastu araua betetzat ematen dira. Hori horrela, gure baliabideak zarauztarrak babestera, oinarrizko zerbitzuak mantentzera eta ekonomia suspertzera zuzenduko ditugu, hauek dira-eta gure lehentasuna”.

Udalak ohar bidez azaldu duenez, Gizarte Zerbitzuetara bideratu dituzte hainbat diru partida, krisiaren hasieratik. Gaineratu dute "ahaleginak egiten" segiko dutela "zarauztarren ekonomiaren oinarri diren sektoreak dinamizatzeko". Aranak azpimarratu du horretarako "funtsezkoa" dela "eragileekin eta Euskal Instituzioekin harreman zuzena".

COVID-19ak ekarriko dituen ondorioen artean, diru sarreretan beherakada izatea
aurreikusten dute udalean. “Itun Ekonomikoaria esker Gipuzkoako Foru Aldunditik urtero jasotzen dugun kopurua % 20 jaitsiko da. Zarauzko kasuan, 3,3 milloi gutxiago jasoko ditu. Hala ere, 7.911.220,31 euroko soberakina dugu; aurreko urteetako kudeaketa ekonomiko onari esker aurreztutako dirua, hain zuzen ere”, gehitu du Aranak.

Udal aurrekontua egokitzeko departamentu desberdinak lanean aritu dira azken asteetan. Egoera ekonomikoaren azterketa ere ari dira egiten, 2021 urteari begira, COVID-19ak udal ekonomian izan
dezaken eragina aurreikusteko.