Mattin Epelde: "Urte asko daramatzagu teknikariok baldintza prekarioekin, eta horri buelta ematea oso zaila da"

Amaia Urbieta Arruti 2020ko mai. 21a, 09:00

Uhina sonorizazio eta argiztapen profesionaleko enpresaren arduraduna da Mattin Epelde zarauztarra. 13 langile aritzen dira enpresan, horietako asko, eskualdekoak. Beren jardunaren ardatza dira zuzeneko ekitaldiak, eta lan karga handiena udan izan ohi dute. Aurtengo uda, ordea, ez da izango orain artekoen modukoa. Soinu teknikarien lan baldintzez eta krisialdiak beraiengan izango duen eraginaz aritu da Epelde.

Ba al duzue zereginik une hauetan?

Streaming bidezko ekitaldi bat dugu sonorizatzeko. Horretaz aparte, ezer ez. 200 ekitalditik gora geratu zaizkigu bertan behera. Langile guztiek aldi baterako lan erregulazio txostena dute indarrean. Ez dago irekiera datarik kulturgileentzat, orduan, jendea zain dago.

Aurretik ere, soinu teknikarien egoera ez zen onena.

Baldintzak oso txarrak dira, ez dugulako orduka kobratzen. Hasteko, ez dago lan-hitzarmenik, eta jardunaldiak oso luzeak dira. Demagun, teknikari batek 30 euro+BEZ kobratzen duela ordua. Hori horrela izanda, eta egun horretan hamasei ordu sartu behar baditu, 300 eurotik gora aterako litzateke pertsona bakarraren lana.

Alemanian, esaterako, beste era batera funtzionatzen dute. Hango talderen bat etortzen denean hona jotzera, soinu proba egiten dute teknikariek eta agurtu egiten zaituzte. Zu harrituta geratzen zara eta esaten diezu gero, zuzenekoan ere, hor egongo zarela, baina beraiek ez dute ulertzen hori. Han muntaiaz eta soinu probaz teknikari bat arduratzen da, eta zuzenekoa eta desmuntaia beste batek egiten du. Hemen pertsona bakarrak egiten du kamioia kargatu, lekura bertara joan, proba guztiak egin, afaldu tarte batean, zuzenekoa egin eta guztia jaso. Horrela dago jarrita, baina ordu asko behar dira horretarako.

Zuek aritu zarete hori aldatzeko lanketa egiten.

Bai, gure enpresan langileak hasi ziren orduka kobratzen. Sartzen zituzten orduak kobratzen zituzten, eta urtean ordu kopuru jakin bateko kupoa jarri genuen. Gu gaude sartuta kirol eta ekitaldien hitzarmenean eta, saiatu izan gara hitzarmen hori betetzen, baina ez dator bat gure errealitatearekin. Gure moduko enpresa askok freelanceak kontratatzen dituzte lanerako, oso enpresa gutxi daude 13 lagun nominan dituztenak. Kontua da autonomoen egoera are prekarioagoa dela, eta ni ahalegintzen naiz baliabide hori ez erabiltzen, nahiz eta kasu puntualetan, gainezka gabiltzanean, jotzen dudan haiengana.

Kontua da, orduka kobratuz gero, aurrekontuak asko igotzen direla, eta hori ez dago ondo ikusita; jendeak ez du ulertzen. Gainera, materialaren erabilera ere hor dago. Denek puntako materiala nahi dute, baina oso zaila da material hori errentagarria izatea.

Jendearen erreakzio txarrik tokatu al zaizue?

Bai, gehienetan. Gaur bertan entregatu dut aurrekontu bat bost egunekoa [aurreko ostiralean], 6.000 eurotik gorakoa, eta asko iruditzen zaiela esan didate. Igeltsero batek ere 30 euro kobratzen du ordua astelehen batean 08:00etan; guk, berriz, edozein egunetan eta edozein ordutan egiten dugu lan, askotan, asteburuetan ordu txikietan. Hala ere, jendeari asko kostatzen zaio diruarena ulertzea.

Jendeak uste du, kontzertuen kasuan, musika soilik kontsumitzen duela. Nik ez dut esango kontzertu bat luxua denik, baina jasotzera ohituta gauden kalitatea bai da luxuzkoa. Teknikari bat egotea hor zuzentzen une oro, talde indartsu bat izatea... hor luxu handia sartzen da, oso material ona behar da lan hori ondo egiteko, bai tresna aldetik, baita langile aldetik ere. Horrez gain, jendea ez dago batere ohituta sarrera ordaintzera kontzertuetara joateko. Kulturak debalde izan behar al du? Hori da nire zalantzetako bat. Agian zati bat bai, baina beste zati bat ez.

Eztabaida hori aspalditik dago mahai gainean. Orain zailagoa izango da balantza orekatzea.

Bai, jendea ez dago prest bost euro ordaintzeko. Ez da batere gai erraza, eta hainbeste urte daramatzagunez teknikariok horren egoera txarrean, zaila da horri buelta ematea. Dena den, nik ez dut ezagutzen soinu teknikari aberatsik. Ez dira existitzen dirua soberan duten soinu eta argiztapen enpresak. Gatoz barrakero batzuk izatetik, barraketan bozgorailuak jartzen hasi ziren bere garaian, eta 40 urtez horrela jarraitu dugu. Horri guztiari buelta ematea asko kostatzen da.

Guk langile guztiek atseden egunak jai izan ditzaten nahi dugu, gutxieneko ordu batzuk izatea... baldintza horiek, izatez, ez ditugu, baina beharrezkoak dira. Nirekin teknikari dabiltzan gehienek denbora asko daramate lanean, oso jende ona daukagu. Urtero egiten ditugu bilerak zertan hobetu dezakegun pentsatzeko, baina dena ezin da. Orain, behintzat, barne-hitzarmen bat daukagu; gure sektoreko enpresa bakarra gara halako zerbait duena.

Streaming bidezko ekitaldi bat sonorizatu behar duzue. Ikusten al duzu zirrikiturik horri tiraka aurrera egiteko?

Zerbait bai, baina hor streamingak berak dauka negozioa, soinu teknikariak baino gehiago. Egon behar du soinu teknikari batek, baina beste sektore bat da. Bideoa, Interneteko sareko sistemak... horiek negozio gehiago izango dute guk baino. Zuzeneko bat dugunean  gure aurrekontu normal bat 1.000 eurotik gorakoa izan ohi da, baina streaming bidezko bat egiteko 300 euro behar dira, nahikoa delako bizpahiru mikrofonorekin.

Gure lanbidean aurrena diseinu bat egin behar da edozein ekitalditarako. Horrekin aurrekontua egiten duzu, eta gero egokitzen duzu behar duzun materiala; argiztapenarekin ere, berdin. Gure prozesua beste bat da, akustikarekin zerikusi gehiago dauka ikus-entzunezkoarekin baino.

Nola ikusten duzue etorkizuna?

Guk uste dugu Gabonetan hasiko dela normalizatzen kontua apur bat. Ekitaldi motak eta kontsumitzeko era aldatu egingo dira, aforamenduek asko baldintzatuko dutelako guztia. Uste dut ekitaldi handirik ez dela egingo urtebetean edo bi urtean, hori garbi daukat; txertoa atera arte ez da egingo ekitaldi handirik. Hasieran jarduna irailean berrartuko genuela uste genuen, baina kontua luzatzen ari dela ikusita, Gabonetan daukagu orain begirada jarrita.

Dena den, ni langileak mantentzeak kezkatzen nau. Alarma egoera ekainaren amaieran bukatzen bada, horrek esan nahiko du lan erregulazio txostenekin ezingo dugula jarraitu, eta Gizarte Segurantza ordaindu beharko dugula. Hilabetean 9.000 euro ordaintzen diogu Gizarte Segurantzari, eta hori ez da bideragarria ekitaldirik ez badaukagu. Zenbat hilabetez eutsi behar diogu horri? Ezinezkoa da horrela aurrera egitea.

Barne hitzarmena egin genuenetik eta langileek orduka kobratzen dutenetik, urtearen amaieran ia 24.000 euroko galerak ditu enpresak. Hitzarmena izanda ere baldintzak justukoak dira, oso zaila delako soinu teknikari bati ondo ordaintzea. Baina hoberik ez dago.

Emango al diozue buelta egoerari?

Asko kostako zaigu eta oso pixkanaka joango da. Orain daukagun hitzarmenari eustea zaila izango da. Azkenean, lan honetan txarrena da ezin duzula bizitza programatu. Ez dakizu hurrengo astean jai izango duzun, askotan bi egun lehenago sartzen direlako ekitaldiak. Guk hori erregulatu dugu apur bat, pertsona bat kontratatu genuen horretaz soilik arduratzeko. Hori guztia horrela mantentzea oso zaila izango da; ahal bada, zoragarri, baina uste dut ezinezkoa izango dela, batez ere, fakturatzeari utzi diogulako. Hasiko gara, baina oso poliki joango da kontua.