Alaitz Roteta trikitilari zarauztarrak Aristerrazu Zuzenean saioa eskainiko du igandean

Zarauzko hitza 2020ko mai. 16a, 17:00

Erromeria saioa Aristerrazu Zuzenean Facebook eta Instagram kontuen bidez eskainiko dute, igandean 19:00etan hasita.

Hamarkadak daramatza bizi-bizirik Aiako Aristerrazu erromeriak eta, konfinamendu garaian ere, jarraipena eman nahi izan diote trikitilariek. Elizagoien ahizpak izan ziren apirilaren 19an Aristerrazu Zuzenean izenburupean ekimena martxan jarri zutenak, eta igandero-igandero trikitilari bikote batek eskaini du saioa ordutik. Hala, itxialdi garaian ere Aristerrazuko erromeria giroaz gozatu ahal izan dute herritarrek, etxetik atera ere egin gabe.

Trikitilariek nork bere etxetik ematen dute saioa eta Aristerrazu Zuzenean Facebook eta Instagram kontuen bidez eskaintzen dute, igandetan 19:00etatik aurrera. Igande honetan esaterako, Alaitz Roteta zarauztarra eta Aianara Saizar aiarra igoko dira Aristerrazuko oholtza birtualera, eta pandero eta eskusoinu txikiaren doinua atsegin dutenak dantzan jartzeko prest daudela azaldu dute.