Haurren eskubideak aldarrikatzeko elkarretaratzea izango da ostiralean

Zarauzko hitza 2020ko mai. 18a, 18:30

Guraso talde batek deitu du protesta, eta gogoratu nahi izan du haurrek egunean ordubete dutela familiarekin kalean egoteko.

Guraso talde batek elkarretaratzea deitu du ostiralerako, hilak 22. Alderdi politikoei eta eragile sozialei haurren eskubideen gaineko ardura har dezatela eskatuko diete, Gure haurrek ere eskubideak dituzte lelo hartuta. Dama parean izango da protesta, 18:00etan hasita. Etxetik aldarrikapenak eramateko dei egin dute.

Elkarretaratzea deitu duen guraso taldeak gogorarazi nahi izan du 14 urtetik beherakoek ordubete soilik dutela egunean familiarekin kalean egoteko. Esan dute herritarrak egun osoan zehar egon daitezkela terrazetan kontsumitzen, dendetan erosketak egiten edo paseatzen, baina haurrek ordubete dutela "leku publikoetan arnasa hartzeko".