Eider Uzkudun, Zarautz, Orio eta Aiako osasun zentroetako burua

"Ezin ditugu babes neurriak erlaxatu, egoera ez delako amaitu"

Eider Uzkudun, atzo, Zarauzko osasu zentroaren kanpoaldean (utzitakoa)

Une hauetan herritarrek oinarrizko bi neurri hartzeak berebiziko garrantzia du Uzkudunentzat: bi metroko distantzia mantentzea besteekiko eta maskara erabiltzea toki itxietan.

Eider Uzkudun (Donostia,1976) Zarautz, Orio eta Aiako lehen mailako osasun arretako burua da. Familia medikua da izatez, eta jarraitzen du mediku lanetan kontsulta pasatzen eta goardiak egiten. Hiru gauza azpimarratu nahi ditu alarma egoera arinaldian sartu den momentu honetan: pertsonen arteko distantziak mantentzen jarraitzea, toki itxietan maskarak erabiltzea, eta ez ahaztea koronabirusa hemen dagoela. 

Azken asteetako datuak positiboak izaten ari dira. Zer zehaztu dezakezu?
Orokorrean uste dut datuak oso ondo daudela, egoerak hobera egin du nabarmen, baina kasu berriak ere badaude. Eta garrantzitsua da hori esatea, azpimarratzeko ezin ditugula erlaxatu babes neurriak eta jarraitu behar dugula pentsatzen egoera ez dela amaitu.

Kasu berriak Zarauzko anbulatorioan ikusi dituzue?
Bai. 

Noiztik hona egon dira?
Aurreko asteazkenetik. Baina ez galdetu zenbat, ezin baitut esan. Zorionez gutxi dira, egiten ari garen proba gehienetan negatiboa ateratzen ari delako. 

Orion eta eskualdeko beste herrietan ere badaude kasuak?
Ez dago kasu berririk Orioko anbulatorioan, eta besteen berririk ez daukat.

"Diagnostikatzeko aukera
lortu dugu anbulatorioetan,
datu oso inportantea da"


Alde handiak ikusten dira Zarautz, Orio eta Aiaren artean?
Zarautzen eta Orioren artean ez dago desberdintasun handiegirik; Aiarekiko, berriz, bai. Herrigunea askoz txikiagoa da beste bien aldean, eta uste dut zentzu horretan lasaiago ibili direla bertako herritarrak. Ikusi da Gipuzkoan ere txikiak diren gainontzeko herrietan eta dispertsio geografiko handia duten herrietan egoera hobea izan dela, eta uste dut hemen ere patroi bera jarraitu dugula. 

Kalera atera daiteke jendea, terrazetan elkartu, senitartekoekin, lanera joan... Norbanakoak hartzeko zer neurri dira inportanteak zuentzat une hauetan?
Azpimarratu behar den aurreneko gauza da pertsonen arteko distantziak mantendu behar direla; hori da neurririk baliogarriena. Gero, zalantzarik gabe, eskuak sarri garbitzea eta leku itxi batera sartzen bagara maskara jartzea. Horrez gain, oso ondo dago senitartekoak bisitatzea, baina kontuan hartuta zein den senitartekoaren egoera. Ez da gauza bera osasuntsu dagoen bat ala gaixo dagoena; badago bideo deiak egiten jarraitzea. Eta uste dut distantziari dagokionez, jendea erlaxatu egin dela; terrazetan ikusten da. Ez dira mantentzen bi metroko distantziak. Bi metro da distantzia, ez metro bat edo metro eta erdi. Hori asko azpimarratu behar dela uste dut, kalera gehiago ari garelako irteten eta egoera askotan ez direlako mantentzen distantzia horiek.

Edozer motatako maskarek balio dute? 
Bai. Kirurgikoek ere, hau da, erabilera bakarrekoek ere, bestea babesten dute norbera kutsatuta badago. Horiek gutxienez jarrita eraman behar dira, batez ere toki itxietara sartzen garenean. Denok horrelakoak erabiliko bagenitu, kito: inork ez gintuzke gu kutsatuko, eta guk ere inor ez genuke kutsatuko. 

Momentu honetan garrantzitsua izan daitekeen beste alorrik ikusten duzue?
Ez ahaztea koronabirusa hemen dagoela. Oso barneratuta eduki behar dugu gauza batzuk ezin ditugula normal egin edo orain arte egiten genituen bezala. Kaleko irudiek guri beldur handia ematen digute. Era berean, osasun zentroetan erne jarraitu behar dugu. Horregatik, berdin jarraituko dugu funtzionatzen, telefonoz egiten kontsultak eta guk baloratzen zein datorren osasun zentrora eta zein ez. Martxotik hona zer hobetu dugun? Orain guk probak egiten ditugula. Martxoan ezin genuen, eta maiatzaren 4tik aurrera, bai. Diagnostikatzeko gaitasuna lortu dugu, eta uste dut hori oso datu inportantea dela.

"Ondo barneratu behar dugu gauza
batzuk ezingo ditugula
lehen bezala egin"


Hasieran ez zegoen nahikoa test, ala estrategia kontua izan zen osasun zentroetan ez egitea probak?
Uste dut estrategia izan zela. Agian momentu hartan ez geneukan material nahikoa, mundu mailan gertatu den arazoa izan delako, baina estrategia ere izan zen. Eta uste dut ikusi dela diagnostikatzeko gaitasun hori lehen mailara, osasun zentroetara, jaistea beharrezkoa dela. Hori hasieratik eskatu genuen, eta orain lortu dugu. Uste dut horrek asko lagunduko digula krisi honen fase hau hobeto kudeatzen.  

Beraz, hilaren 4tik hona proba serologikoez gain, PCR probak ari zarete egiten.
Hori da. PCR probek esaten digute pazienteek une honetan koronabirusa duten ala ez. 

Gipuzkoarren %2ak pasa omen du soilik koronabirusa. 
Espainiako Osasun Ministerioak egindako ikerketa baten emaitza da, modu aleatorioan egindakoa herritarrei. Hor horixe ikusi da; gipuzkoarren %2,8ak pasatu du gaitza.

Hori datu positiboa da, ala negatiboa zure ustez?
Batetik positiboa da, esan nahi duelako oso ondo babestu garela eta gutxi kutsatu garela, baina bestalde negatiboa da, denok espero genuelako biztanleriaren %50ak edo %60ak pasatu izana enteratu gabe, eta horrela, komunitatearen immunitatea deritzona edukitzea.

Eta, hori jakinda, estrategiak nolakoa izan behar du larrialdiak ez daitezen kolapsatu eta, era berean, gizarteak ohiko jardueretara itzultzen jarrai dezan?
Arriskua oraindik hor dago. Gauza bera galdetu zioten Fernando Simoni [Espainiako Osasun Ministerioko Osasun Larrialdi eta Alertak Koordinatzeko Zentroko zuzendaria] eta berak esaten zuen beste estatu batzuetan esan dutela «goazen denok kutsatzera, zenbat eta gehiago hobeto», baina horrenbeste hildako sortu dituen gaixotasun batekin, horrek beldur pixka bat ematen du. Ni ez naiz gai sentitzen hori baloratzeko. 

Senitartekoak elkartzen hasi dira. Nola esan aiton-amonei bilobak ez besarkatzeko? 
Zaila da, bai. Osakidetzak proposatzen duena da ukalondoekin topo egitea. 

Adinekoekin jarraituz, ari gara haiek babesten etxean egoteko esanda, baina isolatuta egoteak ekar diezaieke kalterik osasunean? Non dago oreka?
Uste dut konfinamenduak eta distantzia sozialak denongan ondorio psikologikoak izango dituela; batzuengan dagoeneko hasi gara ikusten, eta beste batzuengan beranduago agertuko da. Horregatik, batzuetan pentsatu beharko genuke ez ote duen merezi senitarteko helduenei edo aiton-amonei bisita egitea maskarak jarrita, maskara jartzeak babestuko dituelako gaixotasun fisikoetatik, eta berengana joateak, berriz, babestuko dituelako ondorio psikologikoetatik. Hor balantza jarri behar da eta neurtu zer egoeratan dagoen bakoitza. Baina argi dago egoera honek guztiak ondorio batzuk ekarriko dizkigula denoi, ziur. 

"Beldurra ematen digute kaleko irudiek; birusa
hemen dagoela ezin dugu ahaztu"


Kontsultetan hasi zarete ikusten ondorio horiek?
Kontsulta gehienak telefonoz ari gara egiten, osasun larrialdiaren lehenengo fasean gaudelako. Pazienteak deitu egin behar digu, eta guk erabakiko dugu zeinek etorri behar duen eta zeinek ez. Hor azpimarra jarri nahi nuke, batzuek uste dutelako kalera atera daitekeenez lehen bezala etor daitezkela osasun zentrora, eta ez da horrela. Telefonozko kontsulta horietan hasi gara ikusten antsietateak eta, ez nuke esango depresioak, baina bai animo baxuak. 

COVID-19aren txertoari buruz entzun izan dira data batzuk. Zer dakizue zuek?
Ezer ez, prentsak esaten duena. Guk ez daukagu inolako informaziorik horri buruz. 

Bestelako txertoak, egutegian daudenak, ez zarete ari jartzen umeei; txikienei bakarrik. 
Orain arte lehentasuna eman diegu 2 urtetik beherakoen txertoei. Zergatik? 2 urtetik beherakoek oraindik txerto berriak jasotzen dituztelako. 4 urtekoen txertoak bizpahiru hilabete atzeratzeak ez dauka hainbesteko garrantziarik, berez txerto horien lehen dosia lehenago jarrita daukatelako. Osasun zentroak hurrengo fasean sartzen garenean, hemendik aste batzuetara, txerto horiek berreskuratzen joatea da asmoa. 

Datozen hilabeteetan zein izango da anbulatorioen jarduera? Datozen urteetan aldatuko da?
Batetik, uste dut datozen hilabeteetan guk ez dugula gehiegi aldatuko gure funtzionatzeko modua, normaltasun berri batean sartzen joango gara poliki-poliki. Baina uste dut egoera honetaz guztiaz azterketa sakona egin beharko genukeela bai herritarrek, bai lehen arretako profesionalek eta bai autoritateek, ikusteko zer motatako lehen mailako arreta nahi dugun. Oso argi edukita, orain arte geneukan sistema hori saturatuta zegoela, ez zuela ondo funtzionatzen, aspalditik generamala eskatzen denbora gehiago, baliabide gehiago... Kritika zorrotza egin behar dugu eta esan zer nahi dugun, eta ikusi zer behar den hori lortu ahal izateko. 

Hausnarketa hori egingo dela uste duzu?
Espero dut baietz. Argi ikusi da osasun zentroak direla osasun sistemaren oinarria, eta ez badugu hori indartzen eta berrantolatzen, osasun sistema bera ere ahulduta atera daiteke. 

Oinarrian, beharrezkoa ikusten duzu profesional gehiago egoeta osasun zentroetan.
Profesional gehiago, zalantzarik gabe, baita beste mota bateko baliabideak ere, teknikoak.