Uhin libreetan hamalau urtez

Mireia Galarza 2020ko mai. 20a, 11:00

2006an hasi zuen Arraio Irratiak ibilbidea, gaurko egunez. Aurtengo urteurrena berezia izango da, irratsaio berezia antolatu dute arratsalderako, eta herritarrak beraiekin batera ospatzera gonbidatu dituzte. 

Hamalau urte betetzen dira gaur Arraio Irratia martxan jarri zutela. Arraiokideak, ordea, testuinguru berezian harrapatu ditu urteurrenak. «Hainbat gauza geneuzkan antolatuta, larrialdi egoera hau ezarri aurretik hasi ginelako prestatzen, etxeko lanak egiten. Antzerkia, hitzaldia, dokumental bat eta kontzertua eskaini nahi genituen, baina egoera berrira moldatu behar izan dugu, eta horri begira osatu dugu gure urteurreneko eskaintza», azaldu du Arraioko kide Iraitz Gesalagak. ZU gure SU, PutzuZUlotik SUkaldera lelopean ospatu dute, gainera.

Irratsaio berezia egingo dute gaur, 19:00etatik aurrera, zuzenean entzungai izango dena FMko 99.3an. Irratian aritutako lagunen audioak biltzen aritu dira, auzo elkarteetako kideak ere elkarrizketatu dituzte, berrogeialdia nola pasatu duten eta beraien festak nola dauden jakiteko eta lehiaketa potolo bat egingo dute, sari eta guzti. Herritarrei bozgorailua balkoietara eta leihoetara ateratzeko deia ere luzatu diete, ospakizunarekin bat egin dezaten. Horrez gain, astebururako «sorpresaren bat» prestatzen ari direla ere jakitera eman dute, baina ez dute gehiagorik aurreratu nahi izan.

Urteurren festa ez ezik, Arraio Irratiko kideak norbere etxeetatik ari dira saioak egiten. «Zorionez, gure irratsaioak egiten segitzeko aukera izan dugu. Programazioko zerbait eten baldin bazaigu ere, lauzpabost saiok aurrera jarraitu dute. Gure kasuan [Bapateko Unibertsoa saioa] esan dezakegu formatu aldaketak arrakasta eta guzti izan duela», adierazi du Markel Eizagirrek.

Nolabait esateko, lan egiteko edo irratia egiteko beste modu bat dagoela ikusi dute. Gesalagaren esanetan, «aitzindaria izan da edo, behintzat, berrikuntza bat etxetik irratsaioak egitea, eta egin ahal izatea. Izan ere, teknikoki bere zailtasunak zituen, eta horri aurre egin diogu eta Arraio Irratiaren eskaintza mantentzen saiatu gara». Programazioa bera ere egoerara moldatu dute; esaterako, bertso erronka egiten dute ostiral iluntzeetan, eta larunbatetan, berriz, Arraio Irratiak grabatuta dituen kontzertuak eskaintzen dituzte.

Balorazio onena «emisioa ez etetea» izan dela dio Gesalagak: «Baina horrek ere baldintzatu gaitu. Ez da erraza, bakoitzak etxean duen egoera ezberdina delako. Egia da etxean irratsaioa pijametan egin dezakezula, baina agian kontzentratzeko aukera gutxiago daukazu».


Gaztetxearekin batera

«Ahotsik ez dutenei ahotsa ematea, eta komunikabide handiek isilarazi edo desagerrarazi nahi duten errealitate hori ikusaraztea nahiz entzunaraztea». Hori izan da Arraio Irratiaren filosofia eta helburua; azken finean, irrati libre orok duten gidalerroa.

2005aren amaieran okupatu zuten Putzuzulo gaztetxea, eta haien esanetan, irrati librea izateko beharrak bultzatu zuen okupazioa: «Beti diogu Arraio Irratia sortzeko toki bat behar genuelako okupatu genuela gaztetxea». Gaztetxean sartu bezain pronto hasi ziren emititzen Internet bidez gertatzen ari zen guztia, eta garai hura. «Hilabete batzuk geroago, 2006ko maiatzaren 20an FMko 99.3ra egin genuen jauzi, hasieran asteburuetan, eta hori hartzen dugu gure lehen eguna bezala. Harrezkero, hor jarraitzen dugu».

Putzuzuloko Gela Arroxatik hamaika saio egin dituzte harrezkero, baina gaztetxearen etorkizuna zalantzan dago, eta horrek zuzenean eragiten dio Arraio Irratiari ere.  «Hemen [Putzuzulo gaztetxean] espazio bat okupatu zen, eta Arraio Irratiarekin batera, erabilera ezberdin asko daude, Xakela Asanbladak kudeatuta. Arraio Irratiko batzuk Xakelan ere bagabiltza, eta uste dut bertan kudeatuko dela. Negoziazio batzuk badaude, baina ez dakit azkenean beste eraikin bat okupatu beharko den», azaldu du Eizagirrek.

Gesalagak argi du Arraio Irratia ez dela isilik geratuko: «Onartuta dagoen Salberdingo plana garatze bidean dago, eta gero eta gertuago ikusten ditugu makinak, gero eta gehiago mugitzen ari dira lurra hemen, eta etxeak egiten ere hasiak dira dagoeneko. Beraz, ez dakit zenbat denboraz egongo garen gure Gela Arroxa maitatu honetan. Baina ez gara gu bakarrik: kolektiboki hartutako erabakia izango da eta kolektiboki emandako pausoak izango dira. Ziur egon beste gaztetxe bat egongo dela Zarautzen eta Arraio Irratia ez dela isilduko!»