Jokatzekotan, jaitsiera eta guzti

Aitor Manterola - Berria.eus 2020ko mai. 20a, 15:31
Eusko Label liga egiten bada uda honetan, ez da aurreikusten lehiaketa sistema aldatzea.

Arraun munduan zipriztinak harro ibili ziren aurreko astean, berez argitara atera behar ez zen proposamen bat jendartera zabaldu zenean. Zarauzko Arraun Elkartearena zen eskaera, Traineruen Kluben Elkarteko klubek zuzendaritzarekin harremanetan jartzeko duten barneko bideetatik egina, eta bertan eskatzen zen aurtengo Eusko Label ligan, jokatzen bada, jaitsierarik ez egotea, pandemiaren egoerak zortearen aldagaiari ohi baino indar handiagoa emango diola iritzita. Hau da, talderen bati egokitzen bazaio arraunlari batzuek edo multzo handi batek positibo ematea COVID-19arekin, ezingo litzateke lehiatu behar bezala arraunlari horiek gabe, eta arrisku handia luke mailaz jaisteko, adibidez. Hortik doa zarauztarren proposamena, eta KAE 1 ligatik igoerarik ez egotea ere eskatu dute.

Orain, TKEko hamabi klubek erabaki beharko dute proposamena eztabaidatu edo ez, eta, baiezkoa ematen badiote eztabaidari, onartu edo ez bozkatu beharko dute, maiatzaren 30eko batzarrean. Hori da prozedura, baina ia ziurtzat jo daiteke Zarautzen proposamenak ez duela bide luzea egingo.

Borja Rodrigo TKEko presidenteak esandakoa argigarria da alde horretatik: «Errespetatzen ditut proposamen guztiak, eta klubek erabakiko dute zer egin, baina presidente moduan hitz eginda, eta garbi utzita erabakia klubena dela, nahiago dut lehiaketa ohiko bidetik joatea. Uretan izaten bada Eusko Label liga uda honetan, jatorrizko moduan edo horren oso antzekoa den molde batean izango da, jaitsierekin, igoerekin, sarekin eta abarrekin. Bestela, lehiaketaren eta TKEren itxura kaltetuko litzateke, eta alferrik izango litzateke hainbat eragile lehiaketa jokatu ahal izateko egiten ari diren ahalegina».

BERRIAk jakin duenez, Zarautzen eskaria gustuko duten klubak badira, eta haietako bat saiatu zen proposamen horrekin eta beste batzuekin eskaera bateratu bat aurkezten TKEn, baina ez zuen lortu adostasunik eskaera guztietan. Azkenean, Zarautzek egin zuen bere kabuz eskaria.

Erreportajea osorik irakurtzeko. Berria.eus