Babes materiala banatuko du udalak

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 20a, 16:50

Aurrez materiala jaso duten establezimenduek ezingo dute banaketara joan. 

Arintze prozesua aurrera doan bitartean, Zarauzko Udalak babes materiala banatuko du berriro herriko establezimenduetan. Hain zuzen, udalak 800 gel hidroalkoholiko, aurpegia babesteko 500 bisera, eta 1.000 maskara banatuko ditu Garapen Arloko bulegoan (Salegi kalea 14 zenbakian). Banaketak maiatzaren 21ean, 22an, 25ean, eta 26an egingo dira, 09:30etik 15:00etara. "Negozioen jarduerara itzultzeko laguntza txiki bat da, badakigu kasu batzuetan ez dela nahikoa, baina laguntza oro positiboa da. Saltoki guztiei gogorarazi nahi diegu negozio bakoitzaren erantzukizuna dela araudia betetzea" gaineratu du Iker Basurko (EAJ) Garapen Ekonomikoko zinegotziak.

Udalak jakinarazi duenez, aurrez materiala jaso duten establezimenduek ezingo dute berriro jaso, eta banaketari buruzko zalantzak argituko dira 943 00 51 29 telefonoan, zein gatc@zarautz.eus helbidean.