Gaur abiaraziko dute Udaberri Morea, sarean

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 21a, 09:56
Mireia Delgado Exposito.

Zarauzko Bilgune Feministak hiru egitasmo antolatu ditu, eta gaur TRANSexualitateak liburua aurkeztuko du Bilgune Feministako kide Mireia Delgado Expositok, 18:00etan, online.

Ez dugu normaltasunik nahi lelopean, Zarauzko Bilgune Feministak hainbat ekimen antolatu ditu udaberri honetarako. Pandemiaren eraginez konfinatuta egon badira ere, beren jardunarekin aurrera jarraitu dutela adierazi dute, «bai COVID-19ak eragin duen abagune berri hau aztertzeko hainbat ertzetatik, betiere ikuspegi feministan ardaztuta, bai Udaberri Morea prestatzeko». 

Hain justu, Udaberri Morerako hiru proposamen antolatu dituzte: liburu aurkezpen bat, ipuin kontaketa bat eta eztabaida bat, hain zuzen ere. Printzipioz, online izango dira eta parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena bfzarautz@gmail.com posta elektronikora idatzita. 

Bilgune feministak aurreratu duenez, sexu-genero identitateak, transexualitatea eta maitasuna dira ekimen sorta horien ardatzak. Nabarmendu dutenez, gogoan izan dituzte igaro berri den Maiatzaren 17a, LGTBI fobiaren aurkako eguna, eta Ekainaren 28a, LGTBI pertsonen eskubideen aldeko eguna.
Gaur bertan egingo dute lehendabiziko saioa: TRANSexualitateak liburua aurkeztuko du Bilgune Feministako kide, hezitzaile eta liburuaren egile Mireia Delgado Expositok. 

Bigarrena ekainaren 4an izango da, eta, orduan, Kontatu ez dizkidaten ipuinak saioa gidatu Expositok berak, ipuin kontalari lanetan. 

Hirugarren eta azken ekintza ekainaren 22an egingo dute, maitasunaren inguruko eztabaida feminista Brigitte Vasalloren eta Adriana Royorren artean, hain zuen ere.

«Gonbidapena luzatu nahiko genioke gaian interesa duen orori parte hartzeko. Printzipioz, online izango dira saioak eta errespetuzko giro seguru eta goxoa sortuko dugu», aditzera eman du Zarauzko Bilgune Feministak. Saio guztiak 18:00etan izango dira.