Txikien eskubideengatik

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 21a, 10:11
Hainbat neska-mutiko beren gurasoekin malekoian. (Amaia Urbieta Arruti)

Guraso talde batek elkarretaratzera deitu du biharko, 18:00etan, Dama parean. Gogoratu nahi izan dute 14 urtetik beherakoek egunean ordubete bakarrik dutela familiarekin kalean egoteko.

Guraso talde batek elkarretaratzera deitu du biharko. Alderdi politikoei eta eragile sozialei haurren eskubideen gaineko ardura har dezatela eskatuko diete, Gure haurrek ere eskubideak dituzte lelo hartuta. Dama parean izango da protesta,malekoian, 18:00etan hasita. Etxetik aldarrikapenak eramateko deia egin dute.

Elkarretaratzera deitu duen guraso taldeak gogorarazi nahi izan du 14 urtetik beherakoek ordubete soilik dutela egunean familiarekin kalean egoteko. Neurrien arintzean, egungo egoera «zeharo aldrebesa» dela iritzi diote: «14 urtetik gorakoek aukera desberdinak dituzte, ordu tarte gehiagotan kirola egiteko edota paseatzeko. Orain, gainera, egun osoa pasa dezakete kalean terraza batean kontsumitzen edo dendaz denda erosketak egiten».

 Argi utzi nahi izan dute haurrak direla egoera honetan «galtzaile atera» direnak eta «hasieratik beraien eskubideak urratuak» izan dituztenak. «Are gehiago, kutsatze-katean arrisku altuko talde modura hartuak izan direnean. Aitzakia horren pean dena libre dela dirudi. Familian egun pasa mendira joan ahal izatea, dendaz denda jende artean ibiltzea baino arriskutsuagoa al da? 14 urtetik gorakoei konfiantza eskaini zaigu egun osoan kontsumitzen edota erosketak egiten ibiltzeko. Baina gure ardurapean dauden haurrekin ibiltzeko ordea ez! Ulergaitza benetan!», adierazi dute.

«Zentzugabekeria» horrekin haserre, guraso talde horrek mobilizatzeko garaia dela erabaki du. «Orain arte isilik egon gara, baina 2. fasera pasatzear gauden honetan ez dugu ikusi nahi berriz ere gure haurrei ez zaizkiela neurriak arintzen».