BOMBAS ITUR-EN MENDEURRENA

Aitzindari baten ehungarrena

Aritz Mutiozabal 2020ko mai. 22a, 09:30
KSB Itur Spain enpresaren eraikina. (KSB Itur Spain)

Bombas Itur enpresak ehun urte bete ditu. Maiatzaren 20an izan zen mendeurren eguna, baina, tamalez, egungo osasun krisiak ospakizunetarako aukera oso gutxi utzi die enpresako kideei.

Maiatzaren 20an, herenegun,  ehun urte bete zituen Bombas Itur enpresak. Manuel Aranzabal Iturzaetak sortu zuen 1920an, Getarian, eta hasieratik aitzindaria izan zen Espainiako ponpaketa ekoizpenean eta ekipoetan. Hamarkada bat geroagoa, Zarautzera lekualdatu zuten enpresa, eta, batez ere, ontzigintzara bideratutako produktu gama bat garatzen hasi zen. Egun ere Zarautzen jarraitzen du, eta mende batek askorako ematen duen arren, garai bakoitzera egokitzen jakin izan du Iturrek. Orain, pandemia baten erdian ospatzea tokatu zaie mendeurrena, baina begiak aurrera begira jarrita dituzte.

Hain zuzen ere, enpresaren lehen hamarkadetako garapenaren ondoren bezala. 1966an ekoizpen zentro berri bat eraiki zuten. Hala, Aranzabal familiak produktu berriak garatu zituen industria, energia, eraikuntza eta ur-kudeaketarako, eta, aldi berean, nazioarteko itsas merkatuan zuen presentzia indartu zuen. Horrez gain, ezarpen prozesu bati ekin zioten: Espainia osoan eta Kuban ordezkaritzak eta merkataritza-bulegoak ireki zituzten, eta Bombas Itur aitzindari bihurtu zen Espainiako merkatuan.

Hainbat hamarkadatan lider izan ostean, Juan Antonio Uriarte enpresariaren esku geratu zen, konpainia egituratzeko xedearekin; gero eta globalagoa den merkatu batean lehiatu asmoz. Uriartek KSB multinazional alemaniarraren arreta erakarri zuen. 2003aren amaieran  KSB taldean sartu zen Bombas Itur, eta KSB Itur izena hartu zuen; 2014an KSB Spain bihurtu zen.


Espezializazioa

Azken hamazazpi urteetan KSB Spain asko aldatu dela adierazi du enpresak; izan ere, inbertsio handiak egin dituzte. Zarauzko produkzio zentroa espezializatuta dago Espainiako eta nazioarteko bezeroentzat ponpa gama batzuk egiten.

«Pertsonak dira KSBko aktibo nagusia. Prestakuntza programak garatu dira etengabe, eta lantaldeko 300 langile inguruk profil tekniko-espezialista handia lortu dute parte hartzen duten prozesu guztietan», adierazi du enpresak. Digitalizazioa bezalako erronketarako prest daudela diote. «Etengabe hobetzeko eta produktu berriak garatzeko egiten dugu lan; eraginkorragoak, iraunkorragoak eta lehiakorragoak izateko. Horretarako, gure balioak aplikatzen dira».