BOMBAS ITUR-EN MENDEURRENA

Matthias Guterl: «Enpresak momentu bakoitza irakurtzen  jakin izan du»

Aritz Mutiozabal 2020ko mai. 22a, 09:33

Mendeurrena ez ezik, egungo egoera ere izan du hizpide KSB Itur Spain enpresako zuzendari orokorra den Matthias Guterlek (Primasens, Alemania, 1967).

Kontuan hartzeko urtemuga da, ez baita makala enpresa batek mende bat irautea.
Egia esan, oso pozik gaude mende bateko jarduera lortu dugulako. Gaur egun apenas dago ehun urte beteak dituen enpresarik. Hau guztia posible izan da gure langileen eta gure bezeroen, hornitzaileen eta gure jardunean parte hartzen duten gainerako kideen arteko harreman estuari esker.

Esan daiteke aitzindaria izan zela ponpen sektorean?
Aranzabal familiak etorkizun-sen handia izan zuen ibilera honi ekin zionean. Berrikuntza etorri zen garatzen joan ziren produktuen eskutik; hau da, eskari ezberdin bakoitza asetzetik. Izan ere, ez da berdina itsasontzi bateko fuel-olioa ponpatzeko bonba bat eta  eraikin bateko edateko uraren presioa tinkatzen duena.

Mende batek askorako ematen du. Badirudi enpresak garaian garaira egokitzen jakin duela.
Hala da. Erronka bat izan da, baina enpresak momentu bakoitza irakurtzen jakin izan du. Duela 17 urtetik KSB taldearen parte gara, eta taldeak erakutsi digu erabiltzen ditugun prozesu eta sistema guztien espezializazioak duen garrantzia.

Egungo pandemiak nola eragin dio KSB Iturri?
Gure konpainia enpresa esentzial gisa sailkatu zuten, uraren kudeaketako hainbat prozesutan hartzen duelako parte, baita beste industria batzuentzako prozesu esentzialak direnetan ere. Bitxiena da gure bezeroek bidali zituztela idatziak kalifikazio hori eman ziezaguten. Hori dela-eta, enpresa ez da geldirik egon berrogeialdian.

Nola ari zarete lanean momentu hauetan?
Oraintxe bertan gure arinaldi partikularra bizitzen ari gara. Langile batzuk telelanean dihardute, eta beste batzuk itzultzen ari dira beraien lanpostuetara.  Osasun agintariek zehaztutako segurtasun eta distantzia protokolo guztiak betetzen antolatu dugu ekoizpena. Kanpoko jendea sartzea mugatu dugu. Gure langileen osasuna bermatzea da lehentasuna une hauetan.

Zeintzuk dira etorkizun laburrera dituzuen helburuak?
Orain arteko lana egonkortu nahi dugu. Zarauzko ekoizpen zentroa finkatu nahi dugu KSB taldeko planaren barruan zentro espezialista gisa. Orain aro konplikatua pasatzea tokatuko zaigu, ziurgabetasun askokoa. Epe ertainera, hazten jarraitzea dugu  xede zalantzarik gabe.

Tamalez, egungo egoerak ez dizue utzi urtemuga nahi bezala antolatzen. Nola ospatuko duzue?
Esan bezala, ez da ospakizun handietarako momentua. Berrogeialdiak eta sortzen ari den krisiak eraman gaitu mendeurren hau birtualki ospatzera. Ikusiko dugu etorkizunean zerbait berezia egiteko aukera dugun.

Erlazionatuak

Aitzindari baten ehungarrena

Aritz Mutiozabal 2020 mai 22 Zarautz