"Zarauzko Solidaritate Koordinadorako kideok, bakoitzak atzerriko herrialde
behartsuenetan ditugun proiektuez gain, duela urte batzuk argi ikusi genuen mundu
justuago bat lortzeko gure grinean beharrezkoa zela gure gizarteko kontsumo ohiturak aldatzea ere, eta horrela, 2014ean ekin genion Zarauzko Ekonomia Solidario eta Alternatiboaren Azoka antolatzeari, bestelako hitzaldi eta ekitaldiez gain.
Gure helburua, ongizatea, ekologia, justizia soziala, gertutasuna, lan baldintza duinak,
gardentasuna edo ondasun komuna bezalako printzipioak lehenesten dituzten erakunde, ekoizle edo artisauak zarauztarrei aurkeztea izan da urriero antolatu dugun ekitaldian.
Urteroko azokan gurekin izan ohi dira Fiare banku etikoa, Bidezko Merkataritza, Goiener energia, EkoREC, OpenLab, GreenPeace, Emaus, bertako ekoizle eta artisauak, eta beste zenbait eragile, zeinek gertukoa, elkarlanean eginikoa eta benetakoa dena eskura jartzen diguten.
Momentu honetan bizi dugun egoeran, COVID-19ak eragindako pandemiarekin edo
aldaketa klimatikoarekin ditugun kezka larriak kontutan izanda, uste dugu argi geratu
dela berebiziko garrantzia duela, Gobernuek hartutako neurrien ondorioz esfortzu
ikaragarria egin duten gure herrietako denda eta negozio txikiei laguntzeko herrian
kontsumitzeak.
Gizarte bezala hausnarketa sakona egiteko ordua da, eta erosotasunagatik edo merkeago delako aukeratzen ditugun ereduen aurrean, gure herriei bizia, lanpostu duinak eta ingurugiro garbiagoa eta jasangarriagoa eskaintzen dieten ereduengatik apustu egiteak merezi duela argi dugu.
Momentu honetan gizartea orokorrean sentsibilizatuta dagoela sumatzen da, eta ziurrenik hurrengo asteetan herriko dendak beteko ditugu gure dendariei laguntzeko borondate onez baina ez dadila aste batzuetako gauza bakarrik izan, ez gaitezela aurreko ohituretara itzuli.
Herritarrak hausnartzera animatu nahi ditugu, bakoitzak zer egin dezakeen pixkanaka
kontsumo eredu justuagoak aukeratzeko. Horrela, pixkanaka gizarteko ezberdintasun
handiak eta ingurumen gero eta kutsatuagoa sortzen duen sistema hau guztion artean aldatuko dugu.
Egoerak ahalbideratzen badu, gu urrian itzuliko gara, inoiz baino indartsuago, Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren VII. azokarekin.
Denon artean lortuko dugu!!!"