Zazpi sarrera-irteera jarriko dituzte hondartzan edukiera kontrolatzeko

Amaia Urbieta Arruti 2020ko mai. 22a, 14:05
Udal Gobernuko hainbat zinegotzi eta alkatea, gaurko prentsaurrekoan. (Amaia Urbieta Arruti)

Datorren astelehenetik aurrera hondartza normal erabiltzeko aukera izango dute herritarrek, oinarrizko segurtasun neurriak errespetatuta. Zarauzko hondartzaren ezaugarriak kontuan hartuta, uda denboraldian "aforamendu dinamikoak" izateko lanketa egiten ari da udala.

Asteak aurrera joan ahala, gehitzen doaz udaren eta hondartza-denboraldiaren inguruko herritarren zalantzak. Gaiaren inguruan zenbait kontu argitu ditu gaur Xabier Txurruka alkateak. Jakinarazi duenez, datorren astelehenetik aurrera, bigarren faseko neurriak indarrean izango direnez, zabalik egongo da hondartza, "iaz data berean zeuden baldintza berdinekin". Alegia, ez da sorospen zerbitzurik egongo eta bainatzeko aukera izango da, eta dagoeneko hondartza ez da soilik kirol indibidualerako edo paseorako tokia izango. Ohiko erabilera egin ahalko da, beti ere, segurtasun neurriak zorrotz errespetatuta.

Getariako Udalarekin adostuta, zabaldu egingo dute itsas-pasealekua, baina bertatik ibiltzeko maskara jantzi beharko da nahitaez, ezin delako pertsonen arteko bi metroko distantzia mantendu. Dunen eta golf zelaiaren arteko pasealekuarekin ere irizpide bera jarraituko dute: astelehenetik aurrera zabalik egongo da, baina maskara jarri beharko da bertan paseatzeko.

Hondartzaren erabilera udan

Hondartza denboraldiari begira ere zenbait kontu zehaztu dituzte. Oraindik irekiera data erabakitzeke badago ere, aldundiari proposatuko dio Zarauzko Udalak ekainaren 13tik irailaren 13ra artekoa izateko Zarautzen hondartza denboraldia. Beren zerbitzu eta plangintza prestatzen ari dira denboraldia data horien artekoa izan dadin. Aurten, ordea, oso bestelakoak izango dira herritarren hondartza erabiltzeko aukerak. Edukiera mugatuta, luzera osoan sakabanatuta zazpi sarrera-irteera kokatuko ditu udalak hori kontrolatu ahal izateko; kontrol hori aurrez aurrekoa, unean unekoa izango da.

Aurreratu dutenez, udaltzainak ez dira horretaz arduratuko printzipioz, baldin eta horretarako beharrik sortzen ez bada. Aztertzen ari dira zer-nolako langileak kontratatu beharko dituzten sarrera-irteeretan edukiera kontrolatuta izateko. Toldo zerbitzurik ere ez da egongo aurtengoan, ezta horiekin batera alokatu ohi diren banku eta aulkirik ere. "Ikusten dugu horrek arazoak sortu ditzakeela okupazio aldetik, eta distantziak mantentzeko zailtasunak ekar ditzake". Hondartzan etzateko edo esertzeko amakak ere ez dira alokatuko, baina norberak eraman dezake etxetik berea.

Marea goian edo behean, desberdin

Edukiera era antolatuan kontrolatzeko, une berean hondartzan egon daitezkeen pertsona gehiengo kopurua desberdina izango da marearen arabera. Txurrukaren hitzetan, "aforo dinamikoak" zehazteko lanketan ari da udala. Zazpi gunetan banatuko dute hondartza, eta alkateak azaldu duenez, Munoa inguruko gunea itxi egingo dute marea goian dagoenean. Ordu horietan debekatuta egongo da malekoian eguzkia hartzen egotea, herritar askok ohitura duten moduan. Alkateak adierazi du malekoiaren zabalerako lehen zazpi metroek libre egon beharko dutela jendearen joan-etorriak seguruak izateko.

Hondartzaren beste ertzeko guneetan egotea posible izango da, beti ere, edukiera kontrolatuta. Edukiera horiek zenbatekoak diren ez du zehaztu alkateak, horiek aldundiarekin adostu beharrekoak direlako.

Hondartza erabiltzeko ordu kopuru gomendioa egon badagoen arren, udalak uste du "oso zaila" dela hori erabat kontrolatzea. "Ez dugu poliziarik jarriko jendeak hondartzan zenbat denbora daraman kontrolatzen, gure hondartzan hori kontrolaezina delako", adierazi du Txurrukak.

Ñabardura egin du alkateak, iragarritako neurriak "abiapuntua" direla azaltzeko. "Uda aurrera doan heinean beste neurri osagarri batzuk hartu ditzakegu, baina ni baikorra naiz, pixkanaka-pixkanaka martxan jarriko delako hondartza. Datorren astean jada erabat zabalik egongo da, eta jendea naturaltasun osoz joango da hondartzara, nahiz eta denek dakiten koronabirusa oraindik gure artean dela eta neurri jakin batzuk hartu behar direla".

Uda denboraldiaren hasieran hondartzaren edukiera oraindik ez dela beteko uste du udalak. "Pixkanaka joango gara osatzen eta moldatzen. Azken urteetan esaten genuen sanferminen astearen ondoren etortzen zela jendetza Zarautzera, baina aurten ospatuko ez direnez, ez dakigu hori aurreratuko ote den. Ekaineko lehen hamabostaldian edukiera kontrolatzeko sistema martxan jartze horren ondoren, ikusiko dugu beste erabaki osagarri batzuk hartu beharko diren edo ez", eman du jakitera.

Malekoiko banku eta bestelako kale altzariei dagokienez, Txurrukak azaldu du bankuak berriro jarriko dituztela, baina aldundiaren zabor-edukiontzirik ez dela izango aurten. Malekoiko parkeak ere, itxita mantenduko dituzte, momentuz. "Malekoiko bankuak eta une honetan dauden zaborrontziak egunero desinfektatzea zaindu beharko dugu", gaineratu du. Dena den, pixkanaka, arinaldia aurrera doan heinean, erabaki berriak hartzen joango dira horien inguruan ere.

Berazako kantinari dagokionez, terrazako baldintzak betez gero, udalak ez du arazo teknikorik ikusten udan gune hori martxan izateko. Prozesua martxan dago, eta interesatuak agertuko balira, martxan jarriko lukete aurten ere. Astiko kantina, berriz, egoerak bultzatuta, ez dute martxan jarriko, hala aurreikusita bazuten ere.

Udako festak

Jaurlaritzako Osasun Zuzendaritzak eta Eudelek finkatu dituzte festetarako irizpide, neurri eta aforoak. Unean uneko eta tokian tokiko festak antolatzeko aukera ari da aztertzen udala. Beste toki batzuetan bertan behera utzi dituzte, baina Zarautzen "ezohiko festak" egitearen aldeko apustua egingo dute.

Aurreratu dute su artifizialik ez dela egongo Zarauzko Aste Nagusian, ezta jendetza elkartzen zen kontzerturik ere, horiek bertan behera geratuko dira. Sanpelaioetara begira, zerbait "sinbolikoa" antolatuko du udalak. "Berezia izatea nahi dugu, eta gurekin ez daudenenganako gogoeta eta oroitzapena bultzatu nahi dugu jaien hasierako ekitaldi xume baina hunkigarri batean". Aurten ez dute suziririk botako, isilunea mantenduko dute hasierako ekitaldian. Aurrerago zehaztuko dute zer-nolako ekitaldiak antolatuko dituzten. Osasun agintaritzaren oniritzia jasotzeaz gain, hainbat ekitaldi Segurtasun Sailera bidaliko dituzte, beraiekin kontrastatzeko, haien oniritzia izan eta finkatutako neurri guztiak ondo betetzen dituztela ziurtatzeko.

Alkateak azaldu duenez, Jaiak eta Ekitaldiak departamentutik eragile guztiei eta festak antolatzen dituzten guztiei bidali dizkiete Eudelek finkatutako baldintzak, eta jakinarazi diete horiek betetzen dituen edozein ekitaldi hartuko duela aintzat udalak, eta ez dutela izango eragozpenik horiek martxan jartzeko.