Egun osoko kontzentrazioa egingo da bihar, Patxi Ruiz euskal preso politikoari elkartasuna adierazteko

Zarauzko hitza 2020ko mai. 22a, 19:36

8:00etatik 18:00etara bitartean egingo da zarauztar talde batek antolatu duen elkarretaratzea Udaletxe Plazan, larunbatarekin, koronabirusaren prebentziorako osasun-irizpideak bermatuz. 12:30ean kontzentrazio jendetsua egitera deitu dituzte herritarrak.

Bihar, larunbata, egun osoko elkarretaratzea egingo da Udaletxe Plazan, gose eta egarri greban dagoen Patxi Ruiz euskal preso politikoari elkartasuna adierazteko.

Goizeko zortzietan emango diote hasiera Ruizen egoera salatzeko antolatutako ekimenari, bihar 13. eguna beteko baitu greban. Presoaren egoera salatzearekin batera, hari buruzko informazioa ere banatuko dute egunean zehar. Antolatzaileek herritarrei dei egin diete, edozein momentutan plazatik pasa eta  presoari elkartasuna adierazteko. Argitara emandako oharrean azaldu dute Ruizek "denon laguntza" beharko duela bizi duen egoera zailari aurre egiteko.

Deialdiaren arduradunek bi orduko txandak antolatu dituzte, 6-7 pertsonakoak, plazan egun guztian jendea egon dadin bermatzeko. Txandaren batean parte hartzeko interesa dutenek, 688817786 telefono zenbakira idatzi behar dute, bete nahi duten ordu-tartea eta lagun kopurua zehaztuz.

12:30ean elkarretaratze jendetsua egin nahi dute, eta antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera, uneoro osasun-irizpideak bermatuko direla azpimarratuz —pertsona batetik bestera bi metroko tartea, eta posible bada, norberaren eskularruak eta maskarak—.