Elkarretaratze jendetsua egin dute haurren eskubideen alde

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 23a, 09:40
(Garazi Mugertza)

Alarma egoera ezarri zela 10. astea beteko da bihar. 14 urtetik beherakoek kalean aire freskoa hartzeko ordubete bakarrik dutela salatzeko elkartu ziren atzo 70 familia, malekoian.

"Hasieratik haurrak kutsatze katean kutsagarrienak direla sinestarazi digute. Aitzakia horretan oinarrituta, badirudi dena libre dela. Eta gure galdera da: haurrekin mendian goiz-pasa bat egitea, tailer batean lanean egotea edo dendan erosketak egitea baino arriskutsuagoa al da?", helarazi dute salatzaileek.

Diotenez, 14 urtetik gorakoengan egun osoan zehar kontsumitzen ibili ahal izateko "konfiantza" jarri da, baina ez beren ardurapean dauden haurrekin ibiltzeko. Hori "ulertezina" dela uste dute. Bigarren faserako iragarritako neurri sortan ere haurren inguruko ezer azaldu ez dutela eta, alderdi politiko eta eragile sozialei eskatu diete kontuan har ditzatela haurren eskubideak. "Beraien osasunagatik. Guztion onerako", gehitu dute.