Abian da Patxi Ruizi elkartasuna helarazteko egun osoko elkarretaratzea

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 23a, 14:39

18:00ak arte iraungo du elkarretaratzeak, eta dei egin dute eguneko edozein momentutan mobilizaziora batzera. "Baimendutako elkarretaratzea da, ez izan beldurrik ordutegiak ez errespetatzeagatik", gehitu dute.

08:00etan hasita, 18:00ak arte iraungo duen elkarretaratzera deitu du herritarren talde batek, Patxi Ruiz presoari elkartasuna helarazteko. 13. greba eguna du gaurkoa Ruizek, eta hainbat hedabidek jakinarazi duenez, egarri greba utzi badu ere, gose grebarekin aurrera egiteko asmoa agertu du.

Salaketaz gain, gaiaren inguruan herritarrak informatzea ere bada elkarretaratzearen helburua. Hori dela eta, infogunea izango da egun osoan zehar udaletxe aurrean, eta dei egin diete herritarrei bertaratzeko, informatzera nahiz elkartasuna adieraztera. Aditzera eman dute egun guztian bermatuko dituztela osasun-irizpideak, eta bertaratzeko asmoa dutenei, posible badute, maskararekin eta eskularruekin joateko eskatu diete.

Zenbaitek hamar ordu bertan igaroko badituzte ere, 12:30erako elkarretaratze jendetsua deitua zuten, eta une horretakoak dira irudiak. Eguraldiak lagundu ez duen arren, hainbat herritar bertaratu da Ruiz presoari elkartasuna agertzera.