Zarautzen egin daitezkeen norabide bakarreko bi ibilbide, pilaketak saihesteko

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 23a, 17:30

Eraztun Berde Urdinaren barruan jasotako bi ibilbide gomendatu ditu udalak. Artelatz basoen artetik igarotzen da bata, eta herriko hezeguneetatik besea.

Jarduera fisikoa egitera eta paseatzera ateratzea baimendua dagoenetik, asko dira mendi aldera edo kostaldera ibilbideak egitera jo dutenak, eta, ikusi denez, hainbat lekutan, jende pilaketa gertatzen ari da. Hori ekiditeko eta aukera berriak sortzeko, Zarauzko Udalak, norabide bakarreko bi ibilbide proposatu nahi dizkie herritarrei. “Bi ibilbideak Eraztun Berde Urdinaren barruan daude, eta, dagoeneko, oso ezagunak dira herritarrentzat. Zentzu horretan, definitutako norabidean egitea
gomendatzen da, elkarren arteko topaketak ekiditeko. Izan ere, bideak estuak dira eta ez dago bi metroko distantzia mantentzeko aukerarik”, adierazi du Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak.

Artelatz basoaren erreinua

Ibilbide aldapatsua da eta baso ederren artean igarotzen da:
Anbulatorioaren atzealdetik hasita, Igerain erreka bazterretik segi, Meagaseko errepideraino. Hori gurutzatu eta Vista Alegreko parkean sartzen zara, Natura 2000 sareak babestutako artelatzaren eremuan hain zuzen ere. Bertan, Arkamurka Natur Taldeak jarritako informazio panelak ikus daitezke, non parkearen historiari buruz eta bertako naturaren berezitasunari buruzko datuak jasotzen diren.

Torreoitik jarraituta Zingira basorantz jo behar da; hor,1000 zuhaitz eta zuhaixka inguru landatu dira artelatz basoa berreskuratzeko. Gainera, goiko partean, Zingira bera berreskuratu da Aranzadi elkartearekin elkarlanean. Behin Zingira baserri zaharra ezkerrean utzita, itsasoari begira jarraitzeko aukera dago mahastien artean, Santa Barbara ermitara heltzeko. Horren atzetik jaisten den bidea hartuta, beste baso eder bat zeharkatuz, Mutxio parkeraino moilara iritsi arte. Vista Alegre parkean duela gutxi berritu zen sarrera eta bidea bera. Kirola egiteko gune bat ere jarri berri da, baina herriko gainontzeko parke eta kirol instalazioak bezala, itxita dago, momentuz. Eskuekin ukitu behar diren elementuez osatuta dago, eta zaila da dena behar bezala desinfektatzea. Horregatik, baliabide horiek ez erabiltzeko eskatu du udalak.

Hezeguneen ibilbidea

Guztiz laua da eta egutera da. Ibilbide horretan, suhiltzaileen egoitzaren atzealdetik hasita, berreskuratzen ari den Iritako hezegunea ondo ikusteko eta gozatzeko aukera izango da. Ibaian ahateak eta ibai ertzetan hegazti limikoloak ikusteko aukera dago (prismatikoen laguntzarekin).

Autopista azpiko pasagunetik jarraituta, eskuinean, Astiko hezegunea ikus daiteke; behin kirol gunera iritsita, eskuineko bidetxoa hartu eta, pista jarraituz gero, egokitu berri den Buztinzuloko Haltzadiraino iristeko aukera dago. Baso horren barruan zeuden txabolak bota dira, eta, aurtengo Zuhaitz Egunean, 300 zuhaitz landatu ziren Zarauzko ikasleekin. Basoa zeharkatzeko bidea ireki da, eta, gutxi barru, panel bat kokatuko da baso berezi horren ezaugarriak jakinarazteko. Haltzadia herrian bertan dago eta dibertsitate handiko eremua da; herritik oso hurbil.

"Eraztun Berde Urdina proiektuaren helburu nagusia Zarauzko ekosistemak babestea bada, baita naturaz gozatzea eta herrian dagoen biodibertsitatea ezagutaraztea ere. Ahaztu gabe, osasungarria dela mendian ibiltzea, oso gomendagarria pandemia garai honetan. Etxetik asko urrundu gabe, buelta eder bat emateko aukera dute zarauztarrek, jende pilaketak ekiditeko", burutu du Vazquezek.