Adimen artifiziala eta Big Data izango dituzte hizpide bihar

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 24a, 09:00

Xabier Uribe-Etxeberria eta Lorena Fernandez adituek emango dituzte gaiaren inguruko azalpenak. Saioa sarean zuzenean jarraitu ahal izango da.

Datorren astelehenean, maiatzaren 25ean, saio berria eskainiko du ZarautzOn elkarteak, Nirestream eta Youtube bidez. Adimen artifizialaz eta Big Dataz ariko dira, hamaika galderaren erantzunak topatzeko eta herritarrei formakuntza eskaintzeko helburuarekin.

Zer esan nahi duen Big Data kontzeptuak, adimen artifizilarekin duen zerikusia, horrek jendearen bizitzetan duen eragina, datu horien erabilera pribatuaren muga etikoa... Gai horiek landuko ditu Xabier Uribe-Etxeberria Anboto Group proiektuaren eta Sherpa adimen artifizialaren inguruko enpresaren sortzailea. ZarautzOnek aditzera eman duenez, Sherpa.ai Osakidetzarekin elkarlanean aritu da pandemiaren bilakaera identifikatzen duen aplikazio bat garatzen, ZIUko oheen beharra aurreikusteko.

Bestalde, saioan izango da Lorena Fernandez informatika ingeniaria ere. Egun, Deusto unibertsitateko Nortasun Digitaleko zuzendaria da Fernandez. H2020 Expert Group to update and expand Gendered Innovations/Innovation through Gender Europako Batzordeko taldeko kidea ere bada, eta adimen artifizialean genero ikuspegia ez txertatzeak duen eragina aztertzen dihardu.

Bi adituek gaiaren inguruan emango dituzten azalpenak aditzeko aukera izango da astelehenean, 18:30etik aurrera. Zuzenekoak jarraitzeko, Youtube eta Nirestream plataformetan izango da aukera.