Koronabirusak sare ekonomikoan eragindako kaltea arintzeko lehen laguntza lerroa sortuko du UKUEk

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 24a, 09:58
Oier Korta eta Lourdes Salsamendi, UKUEko lehendakari ordea eta lehendakaria, hurrenez hurren. (UKUE)

Lehen laguntza lerroa bi bidetan bideratuko da nagusiki: alde batetik enpresa txiki eta ertain, autonomo, merkatari zein ostalariei, lehen sektore eta turismo arloei, egungo egoera arintzeko 2020ko 2., 3. eta 4. hiruhilekoetako zabor tasa bonifikatuko zaie. Bestetik, ireki ahal izateko egin beharko dituzten segurtasun-eta prebentzio-neurriak betetzeko inbertsioak finantzatzeko laguntzak izango dituzte.

Urola Kostako Udal Elkartea osatzen duten bost herrietako udal ordezkarien proposamen eta ekarpenak jaso eta eragile ezberdinen iritzia jakin ondoren, diru partida bat prestatu du UKUEk, laguntza lerro ezberdinen bitartez, koronabirusaren pandemiak ehun ekonomikoan eragin duen kaltea arindu eta enpresei berraktibazio prozesuan laguntzeko.

Lehen laguntza lerro hau, bi bidetan bideratuko da nagusiki: alde batetik, COVID 19aren ondorioz itxi behar izan dituzten jarduera guztiei 2020ko 2., 3. eta 4. hiruhilekoetako zabor tasa bonifikatuko zaie. Laguntza bere jarduna eten behar izan duten enpresa eta autonomoei dago zuzendua.

Bestalde, enpresa, autonomo, merkatari edo ostalariek ireki ahal izateko egin beharko dituzten segurtasun- eta prebentzio-neurri sanitarioak betetzeko inbertsioak kofinantzatuko dira: eskularruak, maskarak, EPIak, gel hidro-alkoholikoa, manparen ezarpena… UKUEk zehaztu du, diru-laguntza hau eskualdeko hornitzaileekin burututako lanak kofinantzatzeko izango dela: eskualdeko enpresen bitartez egitea sustatu nahi da.

Lourdes Salsamendi lehendakariak nabarmendu duenez, “lehen unetik UKUE enpresa txiki eta ertian eta autonomoen alboan egon da laguntza eskainiz. Egoera hau mundu mailako ekonomiaren geldialdia da, eta UKUEn enpresa-ehunaren ondoan gaude. Enpresek itxi egin behar izan dute edo fakturazioa jaitsi egin da, beraz krisi honi aurre egiteko, Udal Elkarteko giza baliabideak jarri ditugu eragindako sektorearen eskura".

Neurriak behin Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako diru-laguntza lerroak aztertu ondoren proposatu dira, “horien osagarri izatea baita helburua. Momentu honetan erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa da herritarrei erantzunik egokiena eta integralena emateko, horregatik, gure eskumen eremutik, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako eta jarriko dituzten laguntzekin lerrokatuta joango gara” adierazi du lehendakariak.

Gaineratu du UKUE, Garapen Agentziaren bitartez, erabateko laguntza eta aholkularitza ari dela eskaintzen eskualdeko enpresei, gainerako erakundeetako diru-laguntza edo bestelako lan-lerroen inguruko laguntza eta informazioa eskainiz ere. “Gipuzkoako gainerako garapen agentziekin koordinatuta eta eskualdeko enpresekin estuki egin da lan uneoro”.

“Bigarren diru laguntza lerroa, udazken aldera aterako dugu, egoeraren ikuspegi hobeagoa izango dugulako, eta behar diren beharrak hobeto identifikatuko ditugu. Kontuan hartuta UKUE eskualdeko udalen ekarpenengatik, eta, bestetik, zaborren tasen kudeaketagatik , finantzatzen dela. Salsamendik gaineratu du UKUEk mahai gainean jarri duen proposamena “ arduratsua eta errealista” dela: “zuzenki eragiten die enpresei”.

“Gure aurrekontua egokitu behar izan dugu, baina, hala ere, zuzeneko laguntzekin jarraitzen dugu, gure eskualdeko enpresen lehiakortasunerako, eta egoera honi aurre egiteko, errealitatea guztiz aldatu baita bi hilabeteko tartean. Oraindik ez dakigu ziurtasunez zein izango den etorkizun hurbila, ezta alor ekonomikoan ere. Argi dugu ordea, baliabideak mugatuak badira ere, enpresek eta langileek alboan izango gaituztela”.

Koronabirusaren aurrean enpresei laguntzeko UKUEren lehen lerro hau datorren asteazkenean, maiatzak 27, onartuko da Zuzendaritza Batzordean.