Bertsoak: 'Kaka agintari'

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 25a, 13:44

Inaxio 'Isasti'-k ondorengo bertso sorta bidali du HITZAra, Iparragirre abila dela doinuan sortua.

-1-
Antzinako kontu bat datorkit
burura une honetan
Garai haietan zalantzak zeuden
gorputzen antolaketan
Agintean ardura
nork hartu. Hau zen duda
Ezbaia latza, benetan
Hainbat atalek ikusten zuten
hori beren eskuetan (bis)

-2-
Burmuinak hartuaz lehen hitza
harrokeriz gogotikan
azaldu zien gainuntzekoei
etzela zalantzarikan
Berak agindu ahala
martxan jartzen zirala
Hau kontuan izanikan
gorputz gidari behar zuela
juxtu horrexegaitikan (bis)

-3-
Hurrengo txanda bihotzak zuen
Hau ere harro antzera
adieraziaz bera zutela
ezinbesteko aukera
Odolan hornitzaile
Bizibide emaile
batera eta bestera
Berak agindu ezean,dena
joango zela maldan behera (bis)

-4-
Hirugarrengo txandan bi hankek
egin zuten ahalegina
Berak zirela nahitaezkoak
mugitzerako, jakina!!
Gorputz batek geldiro
gaindiezin enbido
Izanik nahi ta ezina
Beraz bestelako aukerarik
ezin bada imajina (bis)

-5-
Eztabaidatzen hasi aurretik
entzun zen ahots zakarra
Aginterako egokiena
ni naiz aukera bakarra!!!
Ahots hori apaldu
Ta zein zaren azaldu!!!
Zehazki naiz kaka zaharra
Horrek barrea eragin zuen
ta iseka barra barra (bis)

-6-
Kakak mendekua hartu zuen
utziaz irtetzeari
ta ondorioz kalte mordoa
sortu zion gorputzari
Burmuina zen uzkurtu
bihotz ponpak agortu
ta hankak geldi, dardari
Gero aho batez onarturik
kaka zuten agintari (bis)

-7-
Gaur egunean urruti gabe
tamalez gertatzen dira
Politikaren inguruetan
zehazki jarri begira
Zenbat kaka mokordo
eta soldata mordo
Hau ugaritzen ari da
Behin sartu eta bertan gelditu
Gero kiratsa herrira (bis)