Oraindik ez dira ikasgelara itzuli Zarauzko ikasleak

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 25a, 16:27

Ikastetxe gehienek errefortzu klaseetarako edo aurrez aurreko azterketetarako itzultzea aurreikusten badute ere, momentuz, itzulera hori prestatzen ari dira egoitza gehienak.

Eusko Jaurlaritzak hala iragarrita, gaur itzuli behar zuten ikastetxeetara Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat ikaslek. Hain zuzen, DBHko 4. mailako, Batxillergoko eta Lanbide Heziketako ikasleen klaseak ziren gaur berrartzekoak.

Zarautzen, gaur bederen, ez da ikaslerik joan ikastetxeetara. Egoitza gehienak prestaketa lanetan ari dira, ikasle eta irakasleen itzulera segurua izan dadin. Salbatore Mitxelena Ikastolara bihartik aurrera hasiko dira joaten ikasleak, baina lehen eta bigarren ebaluazioan zerbait aprobatzeke duten DBHko 4. mailako ikasleak soilik joango dira, errefortzu klase puntual batzuetara. Antoniano ikastetxean oraindik ez dute berrartu DBH 4koen aurrez aurreko klaserik eta, La Salleko ikasleak ere ez dira joan ikastetxera gaur.

Lizardi Institutuan ere errefortzu klaseak prestatzen ari dira, eta laster berrartuko dute jarduera, kasu horretan, DBHko 4. mailako eta Batxillergoko ikasleek. Oteitza Lizeo Politeknikoan ere prestaketa lanetan ari dira: mahaietan gel hidroalkoholikoak jarri dituzte, komun batzuk itxi, jendearen mugimendua kontrolatzeko zintak jarri dituzte lurrean... Egoitza horretako ikasleak ere (Batxillergoko bigarren mailakoak eta Lanbide Heziketako goi- eta erdi-mailako lehen urtekoak) aurrez aurreko klaseetara itzuliko dira laster.