"Gerra bat gerrarik gabe" kontatu du Anjel Lertxundik 'Gilles de Rais' eleberrian

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 26a, 19:39

Gaur goizean aurkeztu du bideokonferentziaz Anjel Lertxundi idazleak, Alberdania argitaletxeko editore Jorge Gimenez Bosch bidaide zuela, bere azken lana.

Anjel Lertxundiren sortze prozesuak ez du etenik. Udazkenean Itzuliz usu begiak saiakera liburua argitaratu bazuen, udaberriarekin eleberri labur batekin itzuli da. Eta ez hori bakarrik: duela hogeita bost urte argitaratutako Piztiaren izena narrazio bilduman agertzen zen Gilles de Rais pertsonaiaren itzulerarekin. Oraingo honetan, gainera, lanak berak izen hori bera hartu du.

"Ipuin hori argitaratu nuenean banekien bazeukala nahikoa indar, bazeukala bere muinean istorio potente bat. Gertatzen dena da beste kontu batzuetan nenbilela, eta beti nengoen nolabait ere horri heltzekotan", azaldu du idazleak. Duela gutxi horretarako aukera izan zuela gaineratu du, eta froga moduan ekin ziola. "Bigarren egunerako jada garbi ikusten hasi nintzen intuitzen nuen hura: gerra bat kontatu behar nuela gerrarik gabe. Ez dago eszena belikorik"

Eleberriaren eta ipuin hartako giroa, hirugarren karlistaldia, eta hainbat pertsonaia berdinak izanagatik, istorioa garatuagoa dela nabarmendu du Jorge Gimenez Bosch editoreak: "Inguru tragiko batean gauzatzen den peripezia batzuetan lazgarria, beste batzuetan groteskoa, inoiz komikoa ere bai».

Lan berriak Gilles de Rais izenburua badarama ere, Vincent izeneko antzerkilari frantsesa da kontakizunaren pertsonaia nagusia. Militar karlista baten enkargua onartzen du, eta izenez ere ozta-ozta ezagutzen dituen Nafarroako lurraldeetan barrena ibiliko da, berariaz sortutako antzezlan baten bitartez soldaduak Karlos VII.aren kausaren alde adoretzen. Gilles de Rais mariskal pedofiloak –Arc-eko Juanaren lagun eta armakideak– bere tokia erreklamatuko du pixkanaka-pixkanaka antzerkitik gero eta gutxiago duen obran.

Arima diruagatik saltzea

Lertxundik adierazi du "mito faustikoa" dagoela eleberriko historiaren muinean. Izan ere, Vincentek bere arima saltzen du diruagatik, baina ez deabruari, baizik eta militar karlista batzuei: "Modu ugaritan landu da literaturan Faustoren mitoa. Marloweren Faustok, adibidez, arima saltzen du jakituaren aldeko apustuan, baina Goethek giza sekretuak ezagutzeko grina asetzeko gogoa jartzen du Faustok deabruarekin egiten duen tratuaren sorburuan, eta, gure garaitik gertuago, arte gorena menderatzea darabil Thomas Mannek arima saltzeko arrazoitzat. Vincent, eleberriko protagonista, antzerkilaria da, Victor Hugo zalea eta artearen maitalea, eta diruaren truke saltzen ditu bere artea eta duintasuna".
 
Idazleak dio Gilles de Rais ez dela eleberri moral bat zentzu betean: "Gehiago du norberaren hautuen inguruneari buruzko gogoetatik. Ez dezagun ahantzi gerra gogor baten muin-muinean kokatzen direla gertaerak, eta errealitate horren barruan eta perspektibarik gabe mugitzen dira narrazioko pertsonaiak, errealitateak irentsita eta beren patua menderatu ezinik".