Azken hilabeteotan errepideak eta autobideak hutsik ikusi dira, eta ibilgailuak garajeetan edo aparkalekuetan geldirik izan dituzte herritarrek. Hirietako eta herrietako airearen kalitatea hobetzearen txanponaren beste aldean, ordea, autoen salmenta dago. Izan ere, apirilean %95,2 jaitsi zen Hego Euskal Herrian auto berrien salmenta iazko datuekin alderatuta, eta guztira, 90 auto matrikulatu zituzten hil horretan, iaz hilabete berean baino 4.147 gutxiago.
Ford Aginagako jabe Mikel Aginagak dio orain arte geldirik egon direla, baina hemendik aurrerakoak goraka joera izango duela. Edonola ere, jakin badaki une honetan jendea ez dagoela auto bat erosteko pentsatzen, salbuespenak salbuespen.
"Mugimendu gutxi dabil oraindik", nabarmendu du. "Gainera, orain protokoloak ditugu ezarrita, eta ezin dugu besterik gabe atea ireki eta jendeari sartzen utzi. Guretzako ere kristoren endredoa da bezero batekin egoteko. Erakusten dugun auto bakoitzeko desinfektatzen eta dena garbitzen ibili behar dugu. Hori egin beharra daukagu, beste erremediorik ez baitago".
Hau guztia lehenago edo geroago pasatuko dela adierazi du, baina salerosketa bultzatzeko Plan Renove laguntzak zabaldu behar dituztela. "Tailerra ireki genuenean, lehenengo egunetan, geldirik egon zen kontua, baina orain beste gauza bat da, eguneroko martxan gabiltza. Salmentarekin berdina izango dela pentsatu nahi dut. Gehiago kostatuko zaio arrankatzea, baina abiatuko da".
Alde horretatik itxaropentsu dago Aginaga: "Jendeak autoan ibiltzen jarraituko du"
Hasiera ona
Altuna Autoak, aldiz, topera ibili da zabaldu eta lehen bi astetan, salmentei dagokienez. Orain, berriz, pixka bat lasaitzen doala gauza azaldu du kontzesionarioko komertziala den Mario Malagonek. "Pentsatzen du aldez aurretik autoz aldatzeko beharra edo interesa zuten bezeroak izango zirela".
Aitzitik, kontrakorik ere izan dute. Bezero batzuekin harremanetan zeuden pandemia hasi aurretik, eta atzera lanera itzuli direnean, horietako zenbaitzuk esan diote Eusko Jaurlaritzak laguntzaren bat emango zain geratuko direla autoa erosi baino lehen.
Pandemiak utzitako egoera berri honen aurrean ez ezik, beti dutela kezka bera adierazi du Malagonek. "Azkenean, sektore honetan gauza asko aditu dira dieselari buruz, gasolinari buruz, debekuak direla eta ez direla... Jendea zer gertatuko den zain dago, ez dakiela nora jo. Orduan, panorama honekin guztiarekin, beharra duenak azkenean autoz aldatuko du. Esan genezake kapritxoz aldatzen dutenak gero eta gutxiago dira".
Urteko aurreikuspenei galdetuta, jakin badaki ez dela "sekulakoa" izango, baina behintzat iazkoa mantentzeko gai izan nahi dute.