Iraileko azken asteburuan egingo da Literaturia jaialdia, Zarautzen

Atea izango da aurtengo gaia, eta Hitza da giltza izango da hari lotutako gaia. Berria egunkariak eman du argitara albistea.

Larrabetzun (Bizkaia) hasi zuen bidea Literaturia jaialdiak, 2009an. Bost urte egin zituen han, eta Zarautzera (Gipuzkoa) lekualdatu zuten ondoren, hasierako oinarri eta asmoak berekin eramanez: euskal letren munduari plaza bat zabaltzea udaberri garaian, eta harekin ikusgarritasun bat, topaleku bat, bizitasun bat eskaintzea. 2014tik erro berriak botatzen joan da jaialdia Zarautzen, eta joan da pixkanaka haziz. Maiatzeko asteburu bat gorde izan diote orain artean, eta hala ziren egitekoak aurten ere: gaur hasi eta igandera bitarte. Baina apirilaren hasierarekin iragarri zuten antolatzaileek ezetz, azkenean eurek ere bertan behera utzi beharko zutela jaialdia. «Pandemia hasi zenean, epe motzerako izatea espero genuen eta itxarotea erabaki genuen. Gero, gauzak aldatu ziren, eta guk ere hala egin behar izan dugu. Hasieran zapuztuta egon ginen bertan behera utzi beharraren ezintasun horretan, baina oraintxe lortu dugu beste data bat jartzea, eta berriz ari gara indarra hartzen data horri begira», azaldu du Ibai Sarasua antolakuntza taldeko kideak. Zarauzko Udalarekin itxi berri dute aurtengo Literaturiarentzako data berria: irailaren 25ean, 26an eta 27an izango da.

Aurten Literaturiarik ez zela izango iragartzerako itxia zuten jada egitaraua. «Lan gehiena egina zegoen, xehetasunetan eta kontu teknikoetan geneukan energia jarrita», aipatu du Sarasuak. Parte hartuko zuten idazle eta bestelako egileen zerrenda ere lotuta zuten, bada, eta horiekin harremanetan jartzen dabiltza orain, Itziar Iruretagoiena antolakuntza taldeko kideak azaldu duenez: «Ez da erraza izaten asteburu jakin bat erabaki eta lotzea. Orain, data zehaztuta, artistak eta gainontzeko parte hartzaileak konfirmatzen saiatzen ari gara. Prestatuta geneukan hori mantendu nahi genuke».

Egitaraua data hurbildu ahala aurkeztuko dute xeheago, baina aurreratu dituzte dagoeneko aurtengo jaialdiaren zenbait ezaugarri. Horietan lehena gaia: atea. Eta hari lotutako leloa: Hitza da giltza. Iruretagoiena: «Iradokitzailea eta indartsua iruditu zitzaigun atearen irudia, haren sinbologia. Ikusten ez den nonbaitera eramaten gaituen objektu bat da, eta hitza da horretarako giltza: hitzaren bidez atea zeharkatu, eta ezagutzen ez genituen lekuetara eramaten gaitu».

Azken urteetako berrikuntzetako bat izan da egitarau osoa gai baten bueltan jostea. Egitarau horri, halaber, hiru hanka finkatu dizkiote: liburu azoka, liburu aurkezpenak eta literaturaren bueltako bestelako emanaldiak. Hiruak aurrera ateratzeko lanean dihardutela azaldu du Sarasuak, eta, aurkezpenen kasuan, udaberrirako pentsatuak zituzten lanak udazkenekoekin egokitu beharko dituztela agian. Haur eta gazte irakurzaleei leku egiten ere ahalegina egiten du jaialdiak, eta Literattipia tartearekin segituko dutela aurreratu dute. Baita nor omenduko duten ere: Leire Bilbao (Ondarroa, Bizkaia, 1978), batik bat poesia eta haur eta gazte literatura landu dituen idazlea.

Itzulpengintzaren alorra bazter ez uzten ere saiatzen direla aipatu du Sarasuak, eta aurreratu, aurreko urteetan egin bezala, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen elkartearekin lanean ari direla aurtengo eskaintza zehazteko. «Berezitasunei» dagokienez, ordea, hitza beste diziplina batzuekin erlazioan aztertzen saiatuko dira aurten. Eta asmo horri lotuta, musikaren eta letragintzaren arteko loturez hausnartzeko emanaldi bat prestatu dute: Ruper Ordorika eta Anari musikariak ariko dira gaiaren gaineko solasean, Jon Eskisabel kazetari eta Badok atariko arduradunarekin batera.

Albiste osoa irakurtzeko: Berria.eus