Hiru elkarte gastronomikok bakarrik zabalduko dituzte ateak Zarautzen

Izaro Altzibar 2020ko mai. 30a, 10:00
Gure Kabia elkarte gastronomikoa

Bilera izan zuten ostegunean hainbat elkarte gastronomikok, hausnartzeko ateak zabaldu edo ez. Gehienek uste dute ez direla egingarriak Eusko Jaurlaritzak ezarritako baldintzak, eta itxita mantenduko dituzte lokalak; hiru elkartek, baina, datozen egunetan martxan jartzea aurreikusi dute. Gure Kabia eta Urpekoak elkarteetako ordezkariekin hitz egin du HITZAk.

Arintze planaren bigarren fasean elkarte gastronomikoak zabaltzeko baimena eman zuen Eusko Jaurlaritzak. Horregatik, gaia eztabaidatzeko Gure Kabia elkarte gastronomikoan bildu ziren ostegun arratsaldean Zarauzko hamar elkartetako ordezkariak. Bileran izan ziren hamar horietatik  bakarrak azaldu zuen zabaltzeko asmoa. "Kaioa elkartea ostiralean irekitzeko prest azaldu zen bileran, eta martxan jarriko dituzten segurtasun neurrien berri eman zuten. Gainontzekook ez dugu argi ikusten irekiera, eta itxarotea erabaki dugu", azaldu dio HITZAri Arantza Epelde Gure Kabia elkarteko lehendakariak (110 bazkide. Erdigunea).

Epeldek gaineratu du Kaioa elkarteak bakarrik azaldu bazuen ere zabaltzeko asmoa, bileran parte hartu ez zuten beste bi elkartek ere adierazi diotela intentzio bera. "Kaioako ordezkariak esan zuen elkartera joango dela neurriak betetzen direla ziurtatzeko, baina niri ez zait iruditzen neurriak kontrolatzen aritu behar dugunik batzordeko kideok".

Iñigo Mantzizidor Urpekoak elkarteko kideak (135 bazkide, Azken Portu auzoa) adierazi duenez, baldintzak betetzeko ezintasuna da gainontzeko elkarteak ez zabaltzeko arrazoia: "Hasteko, elkarte batzuk oso txikiak dira mahaien arteko bi metroak bermatzeko; bestetik, bazkide bakarra altxa daiteke mahaitik, eta gainontzekoak eserita mantendu behar dira jatordu osoan zehar komunera joateko ez bada. Gainera, pertsona bakarra altxa daitekeenez, berak egin behar du sukaldean eta garbitu. Hala jasotzen du legeak".

Epelde iritzi berekoa da, eta ez du uste presaz jokatu behar denik. "Gauza asko egin behar dira zabaltzeko, ez da soilik gel hidroalkoholikoa jartzea sarreran eta sukaldean. Bazkalondoren elkartea hustu egin behar da garbitzaileak tokia desinfektatzeko afarien aurretik, adibidez. Neurri asko dira". Baldintzak oso zorrotzak direla dio, eta legeak aholkatzen dituen paperezko mantalak, adibidez, agortuta daudela toki guztietan. 

Ostalaritzako legeak kasik

Ostalaritzak dituen neurri oso antzekoak ezarri zaizkie elkarte gastronomikoei, eta elkarteetan neurri horiek betetzea zailagoa dela iritzi dio Mantzizidorrek: "Komunak etengabe garbitu behar direla jasotzen du legeak. Elkarteetan ez dago inor lan hori egiteko etengabe, eta norberaren esku geratuko litzateke erabili ondoren garbitzea komuna. Gauza asko hartu behar dira kontuan, eta bi hilabetez etxean egon ondoren, ez zaigu iruditzen presaz zabaldu beharko genukeenik".

Uste du elkartea zabaltzeko erabakia hartuta ere, horrelako neurri zorrotzekin oso jende gutxi joango litzatekeela, eta dirua galtzeko arriskua ikusten du hor: "Gauza asko erosi behar dira elkartea zabaldu ahal izateko: gel hidroalkoholikoa eta erabilera bakarreko mantalak, adibidez. Gastu hori egin, eta jendea ez bada joaten, galerak egongo lirateke". Gehitu du,nahiago duela itxita mantendu egoeraren garapena ikusi eta neurriak lasaitu arte. 

Epeldek ere nahiago du faseak aurrera joan ahala egoera aztertzen joan, une honetan ez dagoelako ziur neurriak bermatu ahalko dituzten. "Elkarteak zabaltzeko baimena zegoela jakitean, ez genekien zer egin, eta horregatik deitu genuen osteguneko bilera egitera. Konturatu ginen, elkarte gehienak daudela gure egoeran, eta ez daudela batere ziur ateak zabaltzeko. Itxaroteko erabakia hartu dugu, eta konbentzituta egin dugu", adierazi du Gure Kabia elkarteko lehendakariak.

Hurrengo bilerarako datarik finkatu ez duten arren, parte hartu zuten elkarteak harremanetan jarraituko dutela jakinarazi du Epeldek.