Zer egin daiteke hondartzan eta nola?

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 29a, 19:33

Eusko Jaurlarintzak bigarren fasean hondartzetan bete beharreko neurrien berri eman du.

Ondorengoak dira arintze planaren bigarren fasean bete beharreko neurriak EAEko hondartzetan:

1. Hondartzan pasatzea, bertan egotea, eta kirol, lanbide edo jolas jarduerak egitea baimenduta dago, betiere bakarrik edo bi metroko segurtasun distantziarekin egiten bada (etxe bereko kideak izan ezik).

2. 15 pertsonako taldeak bildu ahal izango dira gehienez, bazkideen kasuan izan ezik.

3. Errespetatu egin beharko dira osasun agintariek emandako neurriak: bi metroko distantzia ezin bada mantendu babes neurriak hartzea, alegia.

4. Ez da ordutegirik izango hondartzara joateko, baina 10:00etatik 12:00etara, eta 19:00etatik 20:00etara, 70 urtetik gorakoek izango dute lehentasuna.

5. Aire zabaleko komunak, dutxak, aldagelak eta antzeko zerbitzuak erabili daitezke, betiere bakarrik, edo laguntza behar duen pertsona batekin bada. Horrela, eremu hauen garbiketa indartu beharko da, segurtasuna bermatzeko.

6. Bainatzera doazenek, modu arduratsuan zaindu beharko dute hondartza eta instalazioak, eta osasun agintariek ezarritako neurriak jarraitu beharko dituzte horretarako.

7. Objektu pertsonalak (eskuohiala, aulkia...) beste erabiltzaileekiko bi metroko segurtasun perimetroaren erdian kokatuko dira (etxe bereko kideak ez badira, edo 15 pertsona baino gutxiago badira).

8. Txandaka erabiltzen diren aulkiak (edo antzerakoak), erabiltzaile bakoitzeko desinfektatu beharko dira.

9. Udalek hondartzara sartzeko mugak jarri ahalko dituzte, baina ezingo dute kobratu sarrera.

10. Osasun segurtasuneko baldintzak bermatzeko, edukiera, ordutegia eta aparkalekuetarako sarbidea mugatu ahalko du udalak. Hondartza bakoitzaren gehienezko edukiera kalkulatzeko, bainulari bakoitzeko lau metro karratu zenbatu behar dira.

11. Udalak ziurtatu beharko du hondartzako instalazioak ingurumererako kaltegarriak ez diren produktuekin garbitzen direla.

12. Hondartzako erabiltzaileei gogoraraziko zaie (karten baten bitartez, adibidez) jarraitu behar dituzten neurriak, eta COVID-19aren sintomak izanez gero, etxera joan behar dutela.

13. Hondartzetan egiten diren ostalaritza jarduerek -estali gabekoak barne- ostalaritza orokorreko araudia jarraitu beharko dute.

14. Uretako motorren, zein antzerako negozioek merkataritzako neurriak jarraitu beharko dituzte, eta erabilera bakoitzeko desinfektatu ibilgailu edo antzerakoak.

Jaurlaritzak jakinarazi du, azken egunetan segurtasun tarteak ez direla mantendu ikusita, 2. eta 3. faseetan hondartzaren erabilera dinamikoa sustatuko dela (denbora gutxi egotea hondartzan) eta bi metroko distantzia mantendu ezin bada, maskara erabili beharko dela.