Patxi Ruiz presoari elkartasuna adierazi dio hainbat herritarrek

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 30a, 16:22

Lege Zaharren enparantzan 50 lagun inguru elkartu da 13:00etan euskal preso politikoaren egoera salatzeko. Izan ere, 20. eguna du gose greban hark.

Patxi Ruiz euskal preso politikoak gose eta egarri grebari ekin zion duela 20 egun –egarri greba utzia du baina gose grebarekin jarraitzen du–, eta ordutik Zarauzko hainbat norbanakok protestara deitu izan dute. Aurreneko protesta ibiltaria izan zen: Munoan hasi eta malekoian zehar egin zuten aldarria. Ondoren, egun osoko elkarretaratzea egin zuten plazan. Gaur, berriz bildu dira Lege Zaharren enparantzan, elkarretaratze isila egiteko.

50 herritar inguru bertaratu da gaurko elkarretaratzera. Antolatzaileetako batek HITZAri azaldu dio "egoeraren larritasunaren aurrean" erabaki zutela protestak antolatzea. "Bat egiten dugu Ruizek egiten dituen aldarrikapenekin. Azpimarratu nahi dugu berak hasieratik utzi duela argi bizi egin nahi duela eta borroka hau, pertsonala izateaz gain, politikoa dela. Bere arrazoiak ditu, eta guk hori babesten dugu beste ezeren gainetik. Jakinda, hain zuzen ere, espetxeak direla pertsonak suntsitzeko mekanismoak eta guneak, eta espetxe politika dela horretaraino eraman duena eta hor jarri behar dela ardura guztia".

Antolatzaileek espero dute egoera lehenbailehen konpontzea, baina bestela, egunez egun erabakiko dute aldarri gehiago egin edo ez, eta nola.