Zabalik dago Turismo Bulegoa

Zarauzko Hitza 2020ko eka. 1a, 13:40

Zerbitzuaren segurtasun eta higiene neurriak hartuta, astegunetan goiz eta arratsaldez irekiko dute, eta asteburutan, berriz, goizez.

Bi hilabete eta erdiko itxialdiaren ondoren, larunbatean ireki zituen berriro ateak Turismo Bulegoak, betiere zerbitzuaren segurtasun eta higiene neurriak bermatuta. Aurrerantzean aforoa kontrolatu egingo dute, harrera mahaietan manparak ezarri dituzte eta maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da. Gainera, sarreran gel hidroalkoholikoa jarri dute, eta ezinbestekoa izango da eskuak garbitzea.

Bulegoa astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan goizez bakarrik, 10:00etatik 14:00etara.

Normaltasunera itzultzeko bidean, bulegoa irekitzeko aukera ikusi duela udalak jakitera eman du Turismo zinegotzi Ixidor Larrañagak. "Momentuz, zarauztarrentzat edota Gipuzkoatik datozen bisitarientzat aurrez aurreko zerbitzua eskaintzen ari gara. Horrez gain, beste herrialde batzuetako bidaiariei ere laguntza ematen ari gara, kasu honetan, telefonoz edota email bidez. Egoera berriari eta neurri zehatzei egokitzen ari gara, beti bezala ahalik eta zerbitzu onena ematen jarraitzeko”.